Sakana Triatloi Taldeak aurkezpena egin zuen larunbatean

Guaixe 2016ko ots. 26a, 10:58

Taldeko 36 kideak denboraldia hasteko irrikitan daude

Larunbatean aurkeztu zuten, Altsasuko Zelandi kiroldegian, 2016 urteko Sakana Triatloi Taldea. Lehenik eta behin, denboraldiko maillot berrien banaketa egin zuten eta ondoren talde argazkia atera zuten denboraldia hasteko irrikitan dauden Sakanako triatletek. Mikel Lakuntza da taldeko presidentea, Sergio Garcia de Eulate, Javier Borrega eta Juan Luis Maiza ondoan dituela. Lan talde ederra sortu dute. “Sergio, Javier, euren lagunak, Juan Luis eta beste izugarri inplikatu dira, asko mugitu dira eta ondorioz, aurten inoiz baino taldekide gehiago gara, 36 kide, eta babesle berriak lortu dituzte, Sakana kooperatiba, Lancar, Gabirondo ibilgailuak eta BLC. Jende berria sartu da, ilusio eta gogo handiekin eta hori asko nabaritzen da” azaldu du Lakuntzak.

Lakuntza hasieratik da Sakana Triatloi Taldeko kide. “2002-2003an hasi ginen, baina Sakana Triatloi Taldea ofizialki 2003an aurkeztu genuen . Orduan 12-15 kide inguru ginen. Urte hauetan gorabeherak izan ditugu. Batzuk taldean hasten ziren, gero utzi, beste batzuk hasi… eta aurten igoera potoloa izan dugu, 36 kide. Jendea animatuta dago” azpimarratu du Lakuntzak. Txikienak 8 urte ditu eta edadetuenak 56 urte, eta 3 emakume daude. Neskak animatzea kosta egiten dela onartu du Lakuntzak. “Normalean txirrindularitzan dabiltzanak sartzen dira triatloira, eta txirrindularitzan ez dabil neska askorik. Norbaitekin aritzeko ere kirol zaila da triatloia, konpainia izateko zaila. Horregatik neskei gehiago kosta egiten zaie” onartu du.

Kategoria txikietan 10 neska-mutiko
Sakana Triatloi Taldeak badu etorkizuna, kategoria txikietan 10 neska-mutiko ibiliko baitira. “Inguruan dauzkagun seme-alabak eta haurrak guri ikusteak laguntzen du horretan. Bestetik, aipatzekoa da Sakanan bi duatloi proba ditugula. Arbizukoak 20 urte daramatza eta Altsasukoak 7 urte egingo ditu larunbatean. Eta txikiek proba horiek jarraitzen dituzte. Bukatzeko, Sakanako Mankomunitateak eta Sakana Triatloi Taldeak lan asko egin dugu txikienengan triatloia sustatzen. 10 urte pasa daramatzagu neska-mutilendako udako triatloi campusa antolatzen eta Sakanako Haurren Triatloi proba Urdiainen egiten. Horrela, jendea animatu egiten da triatloia probatzera” gaineratu du Lakuntzak.
Nafar Kirol Jolasen barruan txikiendako triatloi probak antolatzen hasi zirenetik, hasiera-hasieratik, hor sartu zen Sakanako Triatloi Taldea. “Altsasuko duatloian lehendabiziko urtetik antolatu genituen kategoria txikiendako probak, Nafar Kirol Jolasen barruan. Eta Arbizun, aukera izan genuenetik” aipatu du Lakuntzak. Larunbatean, VII. Altsasuko Duatloian, halaxe izango da ere.

Helburuak
Sakana Triatloi Taldearen helburua, batetik, umeekin egiten den lanarekin jarraitzea da. “Probatzera animatu daitezela. Triatloiak kirol gogorra dela ematen du, baina eramangarria da, neska-mutikoak hasten direnean disfrutatu egiten dute” aitortu du. Helduen helburua Euskal Herriko zirkuituko probak eta Nafarroako lasterketak izango dira. Horretaz gain, Sakana Triatloi Taldeko triatleta batzuk Estatu mailako txapelketetan parte hartzen saiatuko dira. “Adinen mugak daude eta txapelketetan aritzeko sailkatzen saiatuko dira”.

Nafarroako egutegia larunbatean hasiko da, VII. Altsasuko Duatloiarekin. “Denboraldia hasteko gogoz gaude. Egutegia hasi da eta martxan gaude, ez dago aitzakiarik”.

Sakana Triatloi Taldea 2016
Taldekideak: Isidro Asurabarrena Lopez, Juantxo Azurmendi Zelaia, Urko Berdud, Javier Borrega Perianez, Jose Manuel Borrega Perianez, Sergio Garcia de Eulate Maia, Mikel Lakuntza, Juan Luis Maiza Begiristain, Juan Carlos Gomez Fernandez, Francisco Javier Gomez Fernandez, Esteban Berdud Garcia Lopez, Gorka Garcia de Eulate Maia, Jorge Iradi Martinez, Iñaki Alvaro Moran, Iban Gonzalez Barroso, Borja Gonzalez Barroso, Eneko Iturbe Beristain, Ivan Sobredo, Aitor Mozo Villanueva, Alejandro Zabala Sukia, Juan Martinez del Olmo, Leire Maiza Razkin, Xabier Borrega Arnedo, Hegoi Lakuntza Zelaia, Iker Mintegi Claver, Unai Villalobos Hernaz, Aitor Aldunate Andueza, Nahia Imaz Perez, Ekain Imaz Perez, Alain Razkin Andueza, Mikel Tanita Cuezva, Fermin Azkargorta Galarza, Josu Ducar, Jokin Lazkoz Lekuona, Gorka Mintegi Mazorriaga eta Silvia Perez Gonzalez.