Paxkalin, bisoi mutur zuria

Guaixe 2016ko api. 15a, 09:39

Eider Eibarren ilustrazioekin liburua argitaratu du Castillo Suarezek Paxkalin liburua.

Estreinakoz, Castillo Suarezen haur literaturako protagonista bat ez da neskato kaxkagorri bat. Ezta pertsona bat ere. Animalia bat baizik, Paxkalin bisoi mutur txuria. Joan den  ostegunean egindako aurkezpenean egileak aitortu zuen “oso ipuin nafarra” dela sortu duena. Eta horrela argudiatu zuen: “Protagonista bisoi mutur zuri bat da. Jendeak ez daki baina hori da Nafarroako animalia adierazgarrienetako bat. Arriskuan dago. Nafarroan Arga eta Aragoi ibaietan, Erriberan dagoen animalia da”. Suarezek argitu zuenez, bisoi mutur zuria “arriskuan dago. Arazo handiena da errepideetan autoek hil egiten dituzte, azpiko pasarik ez dutelako”.

Argibide horiek eman ondoren idazle altsasuarrak jakinarazi zuen Paxkalin erreka bazterrean bizi dela. Arazo handia dauka: ondoko herrira zirkua etorri da eta hura ikusi nahi luke. Baina hara joateko errepidea pasa behar du. Suarezek azaldu zuenez, “bisoiak oso animalia otzanak, lasaiak dira. Ur geldoak maite dituzte. Paxkalinen aitak ez dio errepidea bakarrik pasatzen uzten. Paxkalin penatua dago, errepidea pasa ezin duelako”.

Bere pena gainean, kontakizunean barna egiten duen ibilbidean hainbat animaliarekin eginen du topo. Bisoi mutur txurien beste arriskuetako bat ageri da kontakizunean, bisoi mutur beltzak, hau da, kanpotik ekarritako espeziea. Haietako bat ezagutuko du Paxkalinek. Eta bere ibili horretan beste hainbat animalia ere agertzen zaizkio Paxkalini. “Zoo bat da. Animalia haiekin dituen elkarrizketak dira liburuaren ardatza”.

Suarezen testuari irudiak Eider Eibarrek jarri dizkio. Estreinako aldia da Suarezek ilustratzaile batekin errepikatzen duena.

Haur literaturako uzta
Ebelina Mandarina (2010, Elkar), Leire Urbeltz ilustratzailea.
Nobio bat nire amarentzat (2011, Elkar), Iñaki G. Holgado ilustratzailea.
Muxurik nahi (2011, Mensajero), Eider Eibar ilustratzailea.
Krispeta hegalariak (2012, Elkar) Enrike Morente ilustratzailea.
Erikaren ttilikak (2013, Aizkorri) Estibaliz Jalon ilustratzailea.
Lorentxua (2013, Arbizu 1813-2013 herri ekimena) Cristina Fernandez ilustratzailea.
Agur, Agur (2015, Erein) Jose Mari Morcillo ilustrazailea.
Paxkalin (2016, Elkar) Eider Eibar ilustratzailea.     


Tailer-aurkezpena
Hilaren 20an, ostiralean, 19:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.