Altsasuko euskalkia berreskuratzeko ahalegina zertan den jakin nahian 140 bat pertsona elkartu ziren Iortia kultur gunean joan zen ostiralean. Gehienak gazteak baziren ere, haiekin batera helduagoak, institutuko eta ikastolako irakasleak eta urdindarrak zeuden. Deitzaileetako batek, June Bengoetxea, esan digunez, erantzunarekin “oooso pozik” daude.

“Altsasuko gazte pila bat herriko euskalkia ikasi nahian zeudela jakin genuen duela hilabete batzuk. Biltzen hasi ginen, eta pixkanaka, prozesu hau nola egin pentsatzen hasi ginen”. Aurreneko egitekoa soziolinguistikoki kokatzea zela pentsatu zuten. Horregatik iragarri zuten Koldo Zuazoren hitzaldia joan zen ostiralerako. “Abiapuntua emateko. Berak Burundako euskalkia ikertu du. Materiala bagenuen”. Euskalkietan adituak ezin izan zuen etorri. “Hala ere, aprobetxatu genuen jendeari kontatzeko zertan genbiltzan eta nora gindoazen”. Egitasmoa saretzen hasteko kontaktuak jaso zituzten. Ideiak ere sortu ziren.

Aurrera begira
Gazteen euskalkiarekiko kezkaz galdetuta, Bengoetxeak bere ustea azaldu digu: “Altsasuk euskalkirik ez izatean gure artean hitz egiteko, askotan, kale-hizkera edo euskara errazago bat falta zaigu. Gainera, Altsasun euskara ez denez asko erabiltzen zailagoa da hizkera hori sortzea. Nik uste identitate hori guztiz formatzeko gogoa zutela, euskalkia erabiltzen hasteko eta erraztasun pixka bat izateko ere. Orduan haiekin lanean hasi ginen”.

Deialdiak izan zuen erantzunaz bere ustea eman digu Bengoetxeak: “batzuk Koldo etorriko ez zela berandu enteratu baziren ere, jendeak hori zer zen eta zein helburu zuen jakin nahi zuen”. Guztiak harremanetan jartzeko e-posta helbide bat sortuko dute, elkarren berri izateko. Bestalde, “talde motor bat finkatzen hasi behar dugu, toki bat lortzen…”. Lanerako prestutasuna azaldu zienik ere izan zen. Altsasuko euskalkia sustatzeko lantaldea udaberrian eratu nahi dute. “Finkatu ahala, guztia publiko eginen dugu”.

Egitekoak
 Zuazo lehenbailehen ekarri nahi dute, “oinarri hori beharrezkoa dela uste dugu. Gainera, berak euskara batuan euskalkiko hitzak erabiltzeko pausoak edo erraztasunak ematen dituen materiala dugu”. Bestetik, “gogoa dagoela jakinda” oinarrizko hiztegia “modu praktikoan” lantzen hasiko dira: “tabernetan batua-euskalkia hiztegitxoak utziz, koadriletan arduradunak izendatzea eta hitzak sartzen joan dadila…” Prozesu luzea izanen dela argi dute.

Euskalkiaren aldeko saretze horretan beste eragileekin harremanetan izanen dira: EHE, AEK, Mintzakide, Euskara Zerbitzua, Udala edo ikastetxeak. Azken horietan euskararen gaia lantzen ari da “eta hori oso arlo interesgarria da” Bengoetxeak zehaztu duenez, “zerbait egin nahi dute eta elkarlanean aritu gaitezke”. Hala ere, urdindarren parte-hartzeari “aparteko garrantzia” eman diete: “beraien beharra dugu, azken finean, aditza eta deklinabidea ia berdina dela esan daiteke. Hiztegian daude aldaketak. Baina hitz egiteko modua haiengandik jaso beharko dugu. Batzuk laguntzeko prest daudela badakigu”. Euskalkiaren berreskurapenak Altsasun euskara gehiago entzuteko bidea ematea da beste helburu bat.