Euskalduntzeko ahalegina egin duten pertsonei eta hizkuntza jarioa hobetzeko mintzakide programan luze daramaten sakandarrak omenduko dituzte bihar. eLe festa izena eman diote praktika eta ospakizuna uztartuko dituen ekimenari: “ekitaldiak ikasketa prozesua despeditu eta euren burua euskaldundu dutenei eta euskaraz aritzeko soltura bila Mintzakide programan izena eman dutenak omentzea du helburu”.
Eta hortik heldu da ospakizunaren izena ere. Batetik, “elea, hitza edo berba da. Baina, bestalde, L hizki maiuskulak ibilgailuen gida baimena atera berri duten gidariek autoetan eramaten dute. Ikasi ondoren praktikatzen ari direla adierazten du”. 18 omenduek, aitortza gisa, hasierako ekitaldian opari bana jasoko dute. Ondoren, euren komunitatearekin euskara praktikatzeko aukera izanen dute, mintzodromoa antolatu baita. “Haiekin euskaraz hitz eginez omenduei egindako ahalegina eskertuko diegu. Eskertu, Sakanako euskaldunon komunitatea zabaldu eta handitu egin dutelako eta lehendik euskaldunak garenak euskaraz jende gehiagorekin hitz egiteko aukera eskaini digutelako”.
Sakanako AEKk, Sakanako Mintzakide programak, Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak eta Guaixe fundazioak antolatu dute eLe festa eta sakandarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Azaldu dutenez, haurrendako txokoa izanen da, gurasoek mintzodromoan lasai parte hartu dezaten. Ospakizuna auzatearekin despedituko da.