Tailerra lastailean hasi zen Birjiñe Albiraen esanetara. “Biziaren kontuak” soilik sei aktore zuzentzera eraman dute Albira: “gazte asko egon dira orain arte, baina bai ikasketak, bai bizitza, bai ezkontzak, bai amatasunak… aurten sei gaude eta, egia esan, oso gustura ari gara lanean”. Taldeari antzerki teknikak erakusteko talde txikia izatea hobe izanik, “aurten egin dugun lana ezberdina da. Orain arteko antzezlan guztiak nahiko arinak eta surrealistak izan dira. Honetan gehiago sakondu dugu. Beraz, lana erabat ezberdina da”. Drama da Iortia antzerki tailerrak gaur taularatuko duena.
Gerra zibilaren ondoren “gertatu ez zen baina gerta zitekeen istorio bat” antzeztuko dute. Albirak ziurtatu duenez, “nahiko istorio errealista da. Garai hartan bizi zen drama horietako bat izan daiteke”. Irakasle bat da protagonista: “Marcos presente dago, bere izena aipatzen da, baina ez da inoiz agertzen. Preso dago. Hil egin behar dute eta bere inguruan gertatzen da gertatzen den guztia”.
Istorioaren gordintasunak arreta bereganatzea nahi du zuzendariak, horregatik, aktoreen janzkera oso neutroa da (denak ia txuriz jantzita doaz). Aldi berean, eszenografia ahalik eta soilena erabiltzea erabaki dute. Bi eszena dira, Rosaliren etxea eta ukuilu bat.
Lan dinamika
Taldean zeintzuk zeuden ikusita istorioa lantzen berehala hasi ziren. Albirak azaldu digunez, “nik banekien zer kontatu behar genuen. Ia-ia hasieratik pertsonaiak sortzen hasi ginen. Pertsonaiak beraiek sortu behar zituzten, nire laguntzarekin. Bestela, beti toki berera jotzen dugu”. Horrela, pertsonaiak sortzen joan ziren, “istorioan sartu eta poliki-poliki moldeatzeko. Horrela, pertsonaien funtsa primeran barneratzen da. Gero pertsonaiak istorioan sartzea besterik ez da.” Aktoreek oso ongi lan egin dutela eta harrituta daukatela aitortu digu zuzendariak.
Azken astean egunero entseatzen aritu dira. “Urduritasuna da hori. Sei izatean, ardura handiagoa da. Eta istorio honekin are gehiago. Entsegu hauekin ziurtasuna lortu dugu. Aktore mailan oso lan ona egin dute”. Harrituta daukatela aitortu digu zuzendariak. Egindako lanaren ondoren, aktoreak emanaldiaren ordutegiarekin kexu azaldu dira.
Zein da zein
Rosali, irakaslearen emaztea (Amelia Lapuente). Etxean bakarrik gelditu da eta ilobak aurrera atera behar ditu, haien gurasoak hil egin baitzituzten. “Hori da bere familia txikia. Senarraren eskutitzak jasotzen segitzen du. Azkenekoan zerbait berezia gertatu behar dela irakurri du”. Zuzendariak Ameliaz esan du: “emakume honek urte pila daramatza antzerkia egiten. Harrigarria da; kamaleoia dirudi. Berdin dio zer egin behar duen, dena perfektu egiten du”.
Mattin, iloba (Eder Goikoetxea). “Mutil serioa eta oldartsua. Gurasoak hiltzera nola eraman zituzten ikusi zuen. Hori oso barneratua du. Baina, bestalde, arreba berezia du, beti zaintzen ari dena. Horregatik, ez du inoiz eztandarik egiten. Orain arte.”.
Felitxu, iloba (Santi Goikoetxea). “Santi mutila da, baina arrebarena egiten du. Oso egoera bitxia bizi du. Neska etxean, kanpoan auskalo. Azken urteak beti kolokan bizi izan da”. Bi ilobak izebarekin “pozik” bizi dira, “baina beti arriskuan daudela ezin dute ahaztu”.
Iloben laguna (Erkuden Palacios). “Beti haien alde jokatzen du. Haien etxearen eta herrian gertatzen denaren arteko zubi lanak egiten ditu. Herriko gertakarien berri ematen die”.
Postaria (Sergio Moreles). Herrira ailegatu den familia oso pobre bateko mutila da. ˝Rosalik familia babestu egin du eta harekin harreman estua dute. Kartzeletik etorritako eskutitzak ekartzen ditu”.
Emilia, alkatearen emaztea (Juli Alvaro). “Gaiztoena. Alkatearen emaztea izatean, boterea du. Rosalirekin gaztetan elkarrekin ibili ziren. Marcosekin ezkondu aurretik harekin zerbait nahi izan zuen. Baina gizarteagatik, egoeragatik, ezin. Hor dena korapilatuko da. Orain boterea duela, bereak eginen ditu”.