Nazabalekin bi hitzordu

Guaixe 2016ko mai. 13a, 10:03

Gaur, 19:30ean, mustuko du erakusketa. Ostegunean, berriz, zuzeneko margotze saioa eginen du erakusketan bertan, 19:30ean.

Hiru urteren ondoren Itziar Nazabalek asteartea erakusketa zabaldu zuen Altsasuko Iortia kultur gunean. Loreen serie berriko lanak dira ikusgai daudenak, propio erakusketarako eginak. Seriea bera joan den urtean hil zen amona omentzeko modua da Nazabalendako. Joan den urtean hura hil ondoren dolu garaia ezin sortu pasa zuen Nazabalek. “Amonari esker sortutako” serieko koadroak dira ikusgai daudenak.

Loredun erakusketa gaur mustuko du margolariak, 19:30ean. Aurkezpenarekin batera, gaur, performacea prestatu du. Nazabal berarekin batera, Irantzu Gonzalez dantzariak eta Jorge Cordon piano-joleak parte hartuko dute. Aurrenekoarekin aritu da margolaria eta lotura ona dute. Cordonekin estreinakoa du eta bat egitea ederra izan dela adierazi digu margolariak. Berak azken urtean bizitakoaren “irudikapen kontzeptuala” izanen da hiruek eskainiko dutena. “Nik laguntza eskaerak eginen ditut. Itzaletatik aterata “amona” etorri eta indarra eman eta sormenera bideratuko dit”. Azaldu digu labur. Mustutzea despeditzeko “gaiarekin lotutako” auzatea izanen da.

Zuzenean margotzen
Azken erakusketan egin bezala, Nazabal zuzenean pintatzen ikusteko aukera izanen da. Cordonen piano doinuen erritmora musika sentipenak mihisera aterako ditu Nazabalek. Mihisearekin egindako dantza horretatik bere sortze prozesuko sentipenen lehen leherketa aterako da. Figurazioaren txanda etorriko da gero, sentipen leherketaren zipriztinekin bukatzeko. Argi baxuaren giroak eta pianoaren doinu goxoek ematen duten epeltasunarekin sortuko du koadroa. Hitzordua ostegunean da, 19:30ean, Iortia kultur gunean.

Erlazionatuak

Amonari loreak

Guaixe 2016 mai 10 Altsasu