“Haria orratzean hariztatzea bezain zaila izango da”. Altsun Eskuaz taldeak argi dute bide luzea dutela aurretik. Baina lana egiteko prest daude. Duela hilabete bat inguru euskalgintza eta euskalkiari buruz interesa zuten herriko hainbat gazte bildu ziren eta euskalkia berreskuratzeko lehenengo urratsak eman zituzten. “Euskaldunon tokia” berreskuratzea “ezinbestekoa” ikusten du taldeak, baita herri osoaren “elkarlana” ere. Koldo Zuazoren hitzaldia antolatu zuten. Bertan behera gelditu zen, baina herria sortu zuen “jakin minak” aurrera jarraitzeko “indarra” eman dio taldeari. Koldo Zuazoren hitzaldia prozesuan “ezinbestekoa” dela diote, hortaz, maiatzaren 27an izanen da Iortia Kultur Gunean.
Altsun Eskuaz taldearen xedea “herria euskalduntzea” da. Baina jakin badakite “lan luze eta neketsua” dela. Hortaz, epe laburreko hainbat helburu zehaztu dituzte. Dagoeneko prozesuarekin hasi dira “dinamizatzaile” papera hartuz. Altsasuko euskalkiaren inguruko materiala bildu nahi dute; idatzia zein ahozkoa. “Esparru guztietan euskalkiaren ikuspen handitzea nahi dugu”. Euskalkiaren jakin-mina piztu nahi dute, materiala emanez eta informazioa modu “ulergarri eta atsegin” batean emanez. Gainera, antzeko prozesuak izan dituzten Euskal Herriko beste tokiekin harremanetan jarri nahi dute sare bat osatzeko, baita “bizipenak eta estrategiak” elkarbanatzeko ere.
Azken hogeita hamar urteetan euskararen ezagutza Altsasun “izugarri” hazi dela azaldu du Altsun Eskuaz taldeak. Baina garapen hori ez da egunerokotasuneko erabileran ikusten: “nolabait esateko Altsasu oraindik herri erdalduna da”. Altsasuko euskalkia berreskuratzeaz aparte, taldeak euskararen normalizaziorako lan egingo du beste hainbat eragilerekin batera. “Ekimen hau eraldaketa prozesu horretan txertatu nahi dugu”. Bide “luzea eta zaila” dela badakite, baina “ilusioa” dute.
Hitzaldia
Koldo Zuazoren Iortia Kultur Gunean hitzaldia maiatzaren 27an, ostiralean, 19:00etan.