1.Zer da txirrinka egitasmoa?
Euskal Herri osoan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta azpiegitura handien kontra egingo den bizikleta erreleboen egitasmoa. Korrika antzeko bat izango da. Bost kilometro inguruko tarteak daude eta erreleboak egingo dira. Tarte bakoitzean talde batek hartuko du, bertan itxoiten egongo dira eta txirrinka pasatzerakoan talde berriak hartuko du lekukoa. Nahi duenak egin dezake, ez da beharrezkoa erreleboak egitea. Badira batzuk Iruñean hasi eta Urretxun amaituko dutenak. Gaua han pasatu eta Bergararaino joango dira. Beraz, ibilbide osoa egingo dute. Maiatzaren 21 eta 22an ospatuko da.
2. Zergatik antolatu duzue?
AHT-ren eta beste azpiegituren kontra egiteko zerbait falta zela ikusi genuen. Geroz eta jende gutxiago ari gara mugimendu honetan eta pentsatzen dugu berriz indartu behar dugula, jendea berriz aktibatu behar dela. Horregatik, egitasmo hau egitea pentsatu genuen. Guk pentsatzen dugu hori ez dela gure eredua, eredu ekonomikoa eta soziala aldatu behar dugula eta jendea animatzeko modu bat da hau.
3. Sakanako zein herritatik pasako da Txirrinka?
Oskian dagoen harrobitik sartuko da Sakanan. Lehenengo tartea Irurtzunen bukatzen da. Irurtzunen bazkaria egonen da, 15:00etan gutxi gora behera, eta, ondoren, Lizarrustiko bidea hartuko du martxak; Arakil zeharkatuz eta Lakuntza, Arbizu eta Etxarritik pasatuz. Arakil eta Aranaz osoa zeharkatuko du. Burundatik, aldiz, ez da pasako.
4. Pasatzen denean zerbait berezia eginen da?
Momentuan ez, egun horretan ez. Baina aurretik hainbat ekimen prestatzen ari gara. Pre-txirrinka bezala. Altsasun jai bat egin genuen ostiralean eta gaur, 20:00etan, kontzentrazioa egingo dugu Altsasuko udaletxearen aurrean.
5. Zein da helburua?
Helburua egitasmo handi hauek gelditzea da. Batez ere AHT, baina ez da bakarrik AHT: Olaztiko porlandegia, erraustegia, zabortegiak, goi tentsioa... hain handiak ez diren proiektuak badaude ere, baina garrantzitsuak direnak: harrobiak, Zangozan eta Zilbeltin egin nahi dituzten potasako eta magnesitako meategiak, Baztanen egin nahi duten golf zelaia... Asko dira.
6. Zein da momentu honetan AHTren proiektuaren egoera?
Nafarroako Castejonen, Erriberan, tarte bat egina dago. Plataforma deitzen dena. Hor trenbidea eta katenaria egin behar dute. Bestela, geldirik dago orain. Oraingo Gobernuak dio Iruñean geltokia egin behar dutela Etxabakotizen. Sakanan lehiaketa publikora atera da hemengo zatia. Prozedura beraz, jarri da martxan. Euskadin hainbat tarte eginak daude eta beste hainbat martxan daude. Han zailagoa izango da gelditzea asko dagoelako egina. Nik uste Nafarroan gelditu daitekeela.
7. Txirrinka Bergaran amaituko da. Zergatik Bergaran?
Han dagoelako euskal Y-aren korapiloa. Han kriston triskantza egin behar dute; hainbat tunel, tarte asko bertan pasatzen dira, alde batera eta bestera doazen bidearen adarrak... Batzuk jada eginak daude, beste batzuk egin gabe. Han dago koska.
8. Parte hartu nahi duen jendeak zer egin behar du?
Erreleboak taldeek egingo dituzte; kolektibo sozialek tarte jakin batzuk egingo dituzte. Jendeak parte hartu nahi badu lekura pasatzen den orduan joan daiteke eta han itxoin. Adibidez, Burunda aldekoak Etxarrira joan daitezke. Hori bizikletarekin joaten direnak. Bizikletaz joan ezin direnendako parte hartzeko beste modu bat dago. Iruñean lehenengo tartea oinez egingo da. Sasoia jubilatuen elkarteak egingo du. Bukaeran ere, igandean, lau kilometroetan manifestazioa egingo da oinez.
9. Sakanatik zenbat taldek parte hartuko dute?
Zortzi bat edo izango dira. Irurtzundik Hiriberriraino sindikatuak joango dira, Lakuntza bertako talde ekologistak hartuko du lekukoa, Etxarrin antimilitaristak, Altsasuko herri mugimenduak Lizarrustin, handik Sakanako AHTren eta beste egitasmo erraldoiek kontrako taldeak Lizarrustitik behera eta Sakanako Gazte Asanbaldak ere Lizarrustira iritsi baino lehen hartuko dute.
10. Txirrinkan parte hartzen dutenendako zerbitzuak egongo dira?
Bidean zehar zerbait jan nahi dutenek haien janaria eraman beharko dute. Irurtzunen, larunbatean, bazkaria izango da eta afaria Urretxun. Bertan lo egingo dute. Lo egin ondoren gosaria-eta hartu eta Bergaran, manifestazioaren ondoren, herri bazkaria egongo da ere.
11. Zenbat pertsona zaudete antolakuntzan?
Hemen Altsasun lau edo bost pertsona gaude Txirrinka antolatzen. Sakanan bi astean behin lau pertsona biltzen gara: Arakilgo bat, Aranazko beste bat eta bi burundar. Dena antolatzeko biltzen gara, leku bakoitzean taldeak daude.