Aniztasunaren zelai handia

Guaixe 2016ko mai. 19a, 18:52

Zelandi eskola publikoan ostiralean despeditu ziren Aniztasun Asteko jarduerak. Haien balorazioa egiterakoan Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko Bego Zestau Baraibarrek esan digu, “goizeko eta arratsaldeko saioetan hobekuntza eman da. Parte-hartzaileek gustuko izan dituzte saioak eta denak pozik irten dira. Balorazio ikaragarri baikorra da”. Badirudi hirugarren edizio bat izanen dela, eskolako zuzendaritza ere esperientziarekin pozik baitago.

Bi asteazkenetan Zelandiko 400dik gora ikasleak Txina, Maroko, Portugal, Altsasu eta Alemaniako txokoetatik pasa eta lurralde bakoitzeko jakien, istorioen, kondairen, janzkeren eta bestelakoen berri jaso zuten. Txoko horietan argibideak ematen zituztenak ikasle batzuen amak ziren eta horrek “emozio berezia sortu du” Zestauk azaldu digunez. Arratsaldeetan, gurasoei zuzendutako saioak zeuden: Altsasura etorritakoan izandako zailtasunak eta munduan barnako hezkuntza sistemei, osasungintzari eta sukaldaritzari buruzko elkarrizketak izan dira. “Talde polita elkartu da arratsaldetan. Harremanak sortu eta estutzea ekarri du horrek. Orain elkar agurtu eta ezagutzen dute. Gurasoek hori baikorki baloratu dute”. Irakasleek, bestalde, txokoen edertasunaz aparte, haien heziketa balioa nabarmendu dute: “ ikasleek asko ikasi eta gozatu dute”. Aniztasunaren Astea antolatzerakoan Zestauk Zelandi eskolak, guraso elkarteak eta ama taldeak izan duten prestutasuna eta eman dituen erraztasunak aitortu eta eskertu ditu Zestauk.

Erlazionatuak