Prekarietatearen kontrako giza katea gaur Altsasun

Guaixe 2016ko eka. 3a, 12:00

19:00etan, Altsasuko Enplegu Bulegotik abiatuko da.

Sakanan lan eta bizitza duin bat izatearen alde, Prekarietaterik ez! lelopean giza katea deitu du gaur, ostiralean, sakandar talde batek. “Berriki jakin dugu bailaran 500 lanpostu sortu direla, eta datu positiboa da hori, baina lan baldintzen kaskartzea ematen ari da gaur egun eta hori salatu nahi dugu” adierazi dute. Giza katea 19:00etan abiatuko da Altsasuko Enplegu Bulegotik, eta “prekarietate egoera honi alternatiba badagoela aldarrikatzeko” egin dute deialdia.

5 aldarrikapen nagusi
Ekimenarekin 5 aldarrikapen nagusi egin nahi dituzte. Batetik, enplegu duinaren aldeko aldarrikapena eta langabeziari aurre egitea. 35 orduko lanaldia, 1.200 euroko soldata, aparteko orduak ez sartzea, lan erreforma eta malgutasun neurririk ez izatea aldarrikatzen dute. “Gure bailaran sortzen den aberastasunaren eta lanaren banaketa justu batek gure bailarako etorkizuna bermatuko duelako”. Gazteok enpresatan formazioa jaso behar dutela gaineratzen dute.
Bigarrenik, beharturiko emigrazioari ezetz esaten diote. “Gazte sakandarrei gure herria uztera kondenatzen gaituzte. Honen aurrean lan enplegu politika berriak behar dira” diote. Hirugarrenik, aukera berdintasuna aldarrikatzen dute. “Sexu aniztasuna, jatorri aniztasuna, ideologia aniztasuna… errespetatu behar da, aniztasuna balioan jarri eta lan munduan, kontratazioetan eta lan baldintzetan diskriminaziorik ez onartzea. Lan berdina, soldata berdina. Jakina, sexuaren araberako lan banaketarekin bukatu behar da” diote.

Laugarrenik, euskararen alde egiten dute. “Euskaraz lan eta bizi nahi dugu; euskarak lan hizkuntza behar du”. Eta, bosgarrenik, Sakanan lan eta bizitzearen aldeko hautua egiten dute. “Horretarako Sakanatik Sakanarako eredu sozioekonomikoa defendatzen dugu”.

Erlazionatuak