1. Noiz sortu zenuten taldea?
Ba duela hilabete inguru sortu genuen taldea. Mendian korrika ibiltzen den Iruñeko talde bat ezagutzen genuen, gu bezala igandero aritzen dira eta leku desberdinetara doaz korrika. Pare bat aldiz haiekin egoteko aukera izan genuen, Ezkaban eta Atarrabian, primeran pasa genuen, eta hori dela eta, horrelako zerbait Sakanan egitea bururatu zitzaigun. Gure paisaia, gure mendiak eta gure basoak zoragarriak dira eta gure ingurunea ezagutzeko aukera paregabea iruditu zitzaigun. Horregatik, ideia horri forma eman genion eta honekin aurrera joatea erabaki genuen.
2. Dantzalekuren laguntza izan zenuten, ezta?
Bai, hala da. Taldea sortzea erabaki genuenean, Peio Bergararengana joan ginen, honetan urte asko daramatza eta berarekin asko ikasi genezakeela iruditzen zitzaigun. Beraren laguntza dugu igandero eta eskerrak eman nahi dizkiogu horregatik. Orain arte ezagutzen ez genituen leku asko ikusteko aukera izan dugu, historia pixka bat ere ikasi dugu. Hitz egiteko aukera ere badugu, jende berria ezagutzeko.
3. Zergatik ikusi zenuten horrelako talde bat sortzeko beharra?
Oso zaila delako bakarka ibiltzea. Korrika egitera ateratzen garenean bakoitza bere aldetik ibiltzen da eta polita iruditzen zitzaigun elkarren arteko zerbait sortzea, bestela gure kabuz aritzen gara soilik. Neska askok ziur korrika egitera atera nahi dutela, baina batzuk beldurrak direla eta, agian ez dira ausartzen eta honen bidez uste genuen hori konpondu genezakeela. Talde bat izanda, eta konpromiso hori hartuta ere errazagoa da norberarendako hau mantentzea.
4. Nortzuk osatzen duzue taldea?
Urtean zehar Sakanako Mankomunitateak antolatzen duen atletismo ikastaroan parte hartzen dugu. Ginesa Lopez, Marijo Arza, Leire Palacios eta Ione Pelaez, taldearen sortzaileak garela esan dezakegu. Ostiraletan egiten dugu ikastaroa, eta hortxe ezagutu ginen. Baina igandetan herriko jende gehiago elkartzen gara, lehen irteeran adibidez hamabi inguru atera ginen.
5. Ze abantaila ditu taldean ateratzeak?
Normalean bakarrik joaten zarenean jendeak beldurrak izaten ditu, bidea ongi ez baldin badakizu galtzeko arriskua duzu, zer edo zer gertatzen bada... Hori guztiari aurre egiteko oso aukera ona iruditu zitzaigun taldea sortzearena. Beldur asko gainditzen laguntzen du taldean joateak. Konpromisoa hartzen duzu lehen esan dugun moduan, igandero gelditzen garenez errazagoa da ohitura horrekin jarraitzea, eta hori guri oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Gure asmoa honekin jarraitzea da, gogoz eta ilusio handiarekin gaude eta jende gehiago animatu nahi dugu, noski.
6. Beraz igandero elkartzen zarete?
Igandero elkartzen gara Altsasuko plazan goizeko 08:30ean. Hilabete bat soilik daramagu eta oraingoz hiru irteera egin ditugu gure inguruetatik denak. Baina dagoeneko hurrengo irteerak buruan ditugu eta pixkanaka-pixkana prestatzen ari gara. Hasiera batean sortzaileak lau neska izan gara, baina nahi duen guztiari luzatu nahi diogu gonbidapena.
7 .Ze ibilbide egin dituzue orain arte?
Lehenengo ibilbidea Arania-Sarabe egin genuen. Bigarrena, Balankaleku eta egin dugun azkena, Soro zaharreta-Orobe izan da. Orain arte ezagutzen ez genituen bideetatik ibili gara, eta honek beste ikuspegi berri bat ireki digu. Behin bidea jakinda, igandea ez den beste egun batean joateko aukera ematen digu. Asko disfrutatzen dugu egia esan. Eguraldiaren arabera ere, denok dakigun moduan Sakanan batzuetan ez da aproposena mendiaren puntatik paisaia ikusteko, lainoa, euria, baina hala ere izugarria da gure ingurua.
8. Hurrengo hitzorduan nora?
Eguraldi ona ateratzen baldin bada igande honetan Txorroko puntara joatea pentsatu dugu. Oraindik ez dakigu zehazki zer eguraldi eginen duen, beraz, igandean aurkitzen dugunaren arabera erabakiko dugu. Eta, ziurrenik, datorren asteburuan Santa Marinara joanen gara. Azken finean, inguratzen gaituzten mendi guztiek joko asko ematen digute; abantaila handia dugu bizi garen lekua kontuan hartzen baldin badugu.
9. Mendi lasterketetan parte hartu duzue, ezta?
Ba, bai. Aurreko asteburuan Lakuntza-Aralar mendi lasterketa egin zen Lakuntzan eta Ginesa eta Leirek parte hartu genuen bertan. Oso esperientzia polita izan zen, jende askorekin egoteko aukera duzu, oso giro ona sortzen da eta honetan jarraitzeko indar gehiago ematen dizu. Lasterketako hasiera eta akabera batez ere, oso bereziak dira.
10. Erritmo bizia al duzue irteera batean?
Gure asmoa azken finean korrika egitea da eta ongi pasatzea. Gure artean laguntzeari garrantzi handia ematen diogu. Korrikan badakigu erritmo desberdinak daudela eta mantsoago doanari beti itxoiten diogu, erritmo kolektibo bat eramaten saiatzen gara. Hala ere, bakoitzak bere erritmoa hartu dezake, noski. Mendiko aldapa handietan oinez joan beharra dago, ez pentsa beti korrika goazenik. Ez dugu inor beldurtu nahi, korrika ibiltzea gustatzen zaion edonorendako irekita dago gure taldea eta erritmo desberdinetan ibiltzen den jendea hurbiltzea nahi dugu. Lasai joaten gara paisaiaz gozatzeko.
11. Ze harrera izan du zuen taldeak Altsasun?
Gutxinaka jendea galdetzen ari da. Oraindik denbora gutxi daramagu eta agian askok oraindik ez dakite. Esan dugun bezala, guk ilusio handia dugu, eta honekin aurrera jarraitzeko asmoa. Hurrengo bi asteburuetako hitzorduak ere zehaztuta ditugu, eta udan, badakigu zer gertatzen den, oporrak, festak... zailagoa da jendea elkartzea. Baina irailetik aurrera indartsu eta gogotsu jarraitzeko asmoa dugu.