Ospa mugimenduak mendi martxa antolatu du

Guaixe 2016ko eka. 17a, 12:43

Larunbatean, 9:30ean, Altsasuko Foru plazatik Bargagainera abiatuko da.

Polizia indarrak eta militarrak alde egiteko eskaera berriro publiko eginen du Ospa mugimenduak. Larunbatean errepresioaren aurkako mendi martxa antolatu du Ospak, “errepresioaren aurkako aldarria Sakanan lau haizeetara zabaltzeko”. Beste behin errepresio indarrak Euskal Herritik kanpo nahi dituztela berretsiko dute, “ez ditugulako nahi eta ez ditugulako behar.”

Ospak Altsasun “errepresioarekin bukatzeko lanean dihardu eta, azkenaldian, Sakanan emandako errepresio kasuek gaina jo dute”. Horren adibide gisa maiatzaren 25ean atxilotutako bi ikasleen kasua edota preso eta iheslarien alde egiteagatik 10 gazte  sakandarrek jasotako 22.000 euroko isuna jarri dute. “Ezin dugu ahaztu polizia indarrek herrian duten presentzia areagotu egin dutela azken asteetan.” Horren adibidea, hilaren 28an bi tabernetan “egindako justifikaziorik gabeko sarekada”.

Egitaraua
9:30ean Bargagainerantz, Foru plazatik.
10:00etan Basaluzeko dorrean, gazteluan, geldialdia.
11:30ean Ekitaldia Bargagainen.
15:00etan Herri bazkaria.
17:30ean Errepresioaren kontrako argazki handia.
18:00etan Oñatiko Fan Hemendik egunera autoz joateko elkartzea, Foru plazan.