EAJk batzokiaren kontrako erasoa salatu du

Guaixe 2016ko ira. 19a, 11:41

Joan den asteazkenean ikurrina gabe eta haren masta hondatuta zituela agertu zen Altsasuko batzokia. Nafarroako EAJk erasoa salatu du. “Anekdota litzateke gertaera bera egoitza berean gertatu izan ez balitz” (laugarren aldia da). EAJk salatu duenez, halakoek “kalteak, molestiak eta galerak” sortzen dituzte. Jeltzaleek, aldi berean, elkarbizitzarako eta errespeturako deia egin zuen.

Ohar berean, EAJk festetan izan diren bi gertaera salatu ditu. Alde batetik, festen hasieran Javier Ollo Martinez alkatea zentsuratzaile izatea leporatuz pankarta agertu zen. EAJtik adierazi dutenez, gertaera hori ez da berria. Jeltzaleen ustez, “Altsasuren gehiengoak egin badu ere, batzuk elkarbizitzaren bidean ez dute aurrera egin”. Bestetik, EAJk festen harira Foru plazan eta inguruan ETAren anagramarekin agertutako pintaketak salatu ditu. “Biktimendako eta herritar askorendako iraina da. Ez errespetatzen ezta elkarbizitzen tematuta daude batzuk. Badirudi iragan triste batean iltzatuak daudela”. PPk salaketarekin bat egin eta alkateari elkartasuna adierazi dio.

Erlazionatuak