Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) antolatuta, estreinakoz, Merkataritza Festa ospatuko da. ADEko kide Elena Aldasorok azaldu digunez, “elkarteko kideek nahiz eta promozio ezberdinak egin, herriari bizia eman behar diogula pentsatu dugu. Kaleak eta jendeak animatu Altsasun herri bizitza egiten eta, ez, askotan kanpora joateko dugun jarrera”.
Gaurko arratsaldea animatzeko, beraz, “zirku ikuskizun moduko bat egonen da”. Konpartsa txiki bat. Zankodunak, musika eta beste izanen dira. “Hainbat dinamizazio eginen dituzte, bai kaleetan bai dendetan ere”, azaldu digu Aldasorok. Azken batean, “herri honi umorea eta alaitasuna emateko da. Aldi berean, agerian utzi nahi dugu ADEk herria dinamizatzeko ahalegina egiten duela”. Aldasorok nabarmendu duenez, “ez da ahaztu behar gu dendariak garela eta salmentaren bidez bizimodua mantentzen dugula. Baina, aldi berean, herriak konturatzea nahi dugu guk ere herriaren alde egiten dugula, nahiz eta horrekin ekonomia-etekinik ez izan”.
17:30ean Izara denda ingurutik abiatuko da segizioa, kultur gune ingurutik. Hiru orduko ikuskizuna izanen da Altsasuko kaleetan eta dendetan barna. “Jendea etxera iristean ADEren eskutik zerbait ezberdina ikusi duenaren sentipena izan dezala nahi dugu. Ia haur, gazte eta pertsona guztiak denak animatzen garen eta kalera ateratzen garen”.