Bi atxilotu utzi ditu ferietako liskar batek

Guaixe 2016ko urr. 17a, 15:56

Bi zebrabideen artean izan zen liskarra, Gartzia Ximenez kalean. Aurreneko atxiloketa zebrabideko seinale ondoan.

Guardia civilak tartean izan ziren liskarrean. Bi gazteei agintearen kontrako erasoa eta lesio delituak egotzi dizkiete. Astean behin epaitegian sinatu beharko dute. Biek liskarrean parte hartu izana ukatu dute. Guardia Civilak liskarrean izan ziren beste zortzi gazte identifikatu omen ditu

Ferietako ospakizunak ostiralean hasi ziren Altsasun eta, horregatik, tabernek goizaldera arte zabalik egoteko baimena zuten. 4:55 aldera taberna batean liskarra sortu zen. Lanordutik kanpo, Guardia Civilaren teniente bat eta sargento bat bikoteekin tabernan zeuden. Haien eta herritar batzuen artean liskarra sortu zen. Antza, han zeuden batzuk sumatu ere ez zutena egin.

Kalean segitu zuen liskarrak. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak zabaldu zuenez, “herritar talde handi batek erasotu zituen”. Hedabide batzuk erasotzaileak “40 edo gehiago” zirela zabaldu dute. Kolpatuak izaten hasi zirenean agenteek Guardia Civilak zirela jakinarazi omen zuten.  Gertaeraren ondorioz tenienteak orkatilan haustura izan zuen eta Nafarroako ospitale gunean operatu zuten. Beste agentea eta bikotekideak ere ospitalera eraman zituzten kontusio arinak zituztelako. Ospitalean Uxue Barkos presidentearen eta Fernando Dominguez osasun kontseilariaren bisita izan zuten.

Atxiloketak
Foruzaingoak gertakarien berri izan eta patruila eta Interbentzio Brigada Zentrala bidali zituen. Aurreneko atxiloketa Gartzia Ximenez kalean izan zen, 5:30 aldera. Ospa mugimenduak zabaldu duenez, kale berean baina liskarra gertatu ez zen beste taberna batetik ateratzean atxilotu zuten gazte hori. Antza, plazako beste taberna baterantz zihoanean. Ordurako anbulantzia Gartzia Ximenez kalean zegoen. Foruzainak liskarra hasi zen taberna atarian zeudenen kontra oldartu omen ziren. Bigarren atxiloketa, berriz, 6:30 aldera Foruzaingoaren polizia etxearen ondoan. Haraino altsasuar talde handi bat joan zen atxilotuari elkartasuna azaltzera. Foruzaingoak haien kontra kargatu zuen, “guztiek kolpeak jaso zituzten” eta gazte bat atxilotu zuten. Foruzaingoaren esku gelditu zen ikerketa. Guardia Civilek foruzainen galderei erantzutea baino euren kideei erantzun eta gero txostena bidaltzea nahiago izan dute.

Bi gazteak Iruñeko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epailearen aurretik gaur pasa dira eta aske daude. Bati agintearen aurka eraso egitea eta lesioak eragitea egotzita inputatu dituzte eta astero joan beharko dute epaitegira. Epaitegi atarian “polizia muntaien kontra” protesta egin dute 30 bat pertsonak. Besteak beste, Utzi bakean Altsasu idatzirik zituzten orriak erakutsi dituzte. Herrira bueltatu behar zirenean Polizia Nazionalak identifikatu egin ditu.

Lekukoek jakinarazi digutenez, aurreneko atxilotuak eta bere lagunak gau berean aurretik Foruzainekin ika-mika izan zuten. Lagun bat kanpora zihoala eta hura despeditzeko ospakizuna egin zuten. Ordu txikitan etxajua bota eta foruzainen patruila batek horregatik kontu hartu zien. Ez zen gehiagorik izan. Baina patruila bereko agente batek atxilotu-arazi zuen aurretik ezagutu eta plazarantz zihoan gaztea, 5:30ean.

Asteburuan Guardia Civil asko egon dira Altsasun.


Liskarraz
Tabernan liskarra zerk eragin zuen, horri buruzko hainbat bertsio zabaldu dira. Baten arabera,  guardia civilak zirela jabetzean bezero batzuk alde egiteko eskatu zietela. Besteak, aurretik gazteren batek emakumeetakoren bati esandakoak hura haserrarazi zuela. “Tabernako ohiko borrokatzat” jo duenik bada ere.

Ospa mugimenduak zabaldu duenez, agenteen jarrera “oldarkorra” zen, “probokatzen eta bultzadak” ematen hasi zirela salatu du mugimenduak. Baita mehatxu “larriak” egin ere: “hilko zaitut” eta “begi artean tiroa sartuko dizut”. Ospatik azaldu dutenez, “segituan biolentzia erakustaldia egin zuten. Horrek ekarri zuen guztia”. Mugimenduak ziurtatu duenez, “inolaz ere ez zen egon segadarik, ezta aipatu diren horda-kopuruak, herritarrak zaurituak izan ziren”.


Larunbataz geroztik telebistetako kamera ugari ikusi dira Altsasun.

Erreakzioak
Nafarroako Gobernuak gertakarien “erabateko kondena” azaldu du. Guardia Civilei eta haien bikotekideei elkartasuna adieraztearekin batera, Nafarroako Gobernuak “bake kulturarekin, errespetuarekin eta elkarbizitzarekin konpromisoa berretsi” du. “Ideiak edo proiektua defendatzeko, edo desberdin pentsatu, bizi, sentitu, lan edo adierazten dutenekin gatazkak konpontzeko inor indarkeriara jotzeko legitimatuta ez dagoen gizarte bat eraikitzeko” konpromisoa adierazi du Nafarroako Gobernuak. Guztiak errespetuan bizi ahal izanen garen elkarbizitza espazioei bidea emateko konpromisoa azaldu du.

Jardunean den Espainiako presidente Mariano Rajoy Breyk Twitter bidez “eraso basatiaren ondoren besarkada eta animoa” bidali zion Altsasuko Guardia Civilari. Presidenteak aurreratu zuenez, “ez da inpunitaterik izanen”.



Carmen Alba, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, “gertakariengatik gaitzespenik eta arbuiorik indartsuena” adierazi zuen. Agenteei eta euren familiei babes osoa azaldu zien.  



Guardia Civilaren zuzendari nagusi Arsenio Fernandez de Mesak, erakundeko zuzendariondoko operatibo Candido Cardiel tenientea eta Nafarroako eskualdeko koronel nagusi Javier Hernandez Altsasuko kuartelean eta Nafarroako ospitalean bisitan izan ziren atzo, agenteei babesa azaltzeko. Fernandez de Mesarendako “erasoa miserablea eta nazkagarria izan da. Ez soilik jasotako kolpeengatik, baizik eta erasotzaile kopuruagatik”. Aldi berean, “jasotako elkartasun adierazpenak eta eraso honen gaitzespenak eskertu” ditu. “Erasotzaileen kolpeetatik libratzen saiatzen ziren artean” emakumeak “basatiki kolpatuak” izan zirela eta agintariak “sexu indarkeria” jo zuen.

Fernandez de Mesa aurretik ere izan da Altsasuko kuartelean. "Ospa Eguneko festetan egindako lan bikainagatik, segurtasun indarren eta erakundeen kontrako zenbait ekitaldi eragotzi zituztelako" zoriondu zituen bertako agenteak 2013ko irailaren 9an.

UPNk “Guardia Civilen kontrako erasoagatik erabateko gaitzespen sendoa” azaldu du. “Paliza koldar eta basati bat izan da, indar demokratiko guztien arbuioa eta kondena merezi dituena”. Erregionalisten iritziz “pertsonen askatasuna eta osotasun fisikoa erasotzen direnean ez dago aitzakiarik, ez isiltasunik ezta jarrera zalantzakorrik”. Gaineratu dutenez, “halako gertakari biolentoak onartezinak dira eta Nafarroan nahi dugun bizikidetza oztopatzen dute”. UPNk Guardia Civilaren eta gainontzeko segurtasun indarren lana eskertu du.

Geroa Baik guardia civilen kontrako erasoa “guztiz deitoratu eta kondenatu” zuen eta zaurituei elkartasuna adierazi zien. “Gertakari tamalgarriak, bidegabeak dira, batzuk lehenaldi penagarri batetik berreskuratzen saiatzen direnak”. Koalizioaren iritziz Nafarroako gizartea “elkarbizitzaren alde eta gertaera bortitzen kontra dago”.


PSNko Maria Chivitek bi Guardia Civilek “jasandako erasoa arbuiatu” du. Aldi berean, gizarte demokratiko baten ezinbesteko oinarria den errespetuan oinarritutako elkarbizitza baketsuaren aldeko konpromiso sendo eta politikoa” eskatu zuen. “Indarkeria inora ez daraman bidea da”. Erasotuei animoa adierazi zien.

EH Bilduko Adolfo Araizek “izaera politikorik gabeko” gertaerak izan zirela eta ez zeudela planifikatuta adierazi zuen. “Jabetzen gara erasoak egon direla, eta ez diogu larritasuna kendu nahi. Deitoragarriak dira, eta ez gaude ados”. Araizen ustez antzeko gertaera ugari daude eta ez dute halako hotsik sortzen.

Ahal Duguko Laura Perezek “lasaitasunerako deia” egin zuen. “Berme guztiekin ikertu behar da, eta, era beean, gertatutakoa politikoki erabiltzea deitoratzen dugu. Perezek gaineratu zuenez, “gertaera bakanak dira, ez dute elkarbizitza gaiztotu behar”.

Sortuk “zenbait komunikabidek hedatu duten gertakarien bertsioa zalantzan jartzen du Sortuk, bertsio hori Guardia Zibilaren eta Gobernu Ordezkaritzaren iturrietatik baitator soilik. Bertsio hori kontraesankorra da beste iturri batzuek kontatzen dutenarekin”. Gertakarien aurrean Guardia Civilak izandako jarrera salatu ditu, “Altsasuko kaleetan krispazioa eta probokazioa areagotu besterik ez du egin”.  Alderdiak “Euskal Herrian bakea eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa” berretsi du. “Horretarako ezinbestekoa deritzo urratsak ematea bakea eta gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidearen alde. Horrek Euskal Herriaren behin betiko desmilitarizazioa eta Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egitea eskatzen ditu”.  Azkenik, “erantzukizunez jokatzeko eta auzia elkarrizketaren bidez konpontzeko” deia egin du.


PPNren Iparraldeko Batzordeko buru Juan Antonio Extremerak “50 bat erradikal abertzalek egindako erasoagatik gaitzespena eta kondena” adierazi  ditu. “XXI. mendean, Nafarroako gizartearen zati batek, eraso fisikoak moduko gertakari larriekin, Espainiarekin erlazioa duen guztiarekiko gorrotoa adieraztea nazkagarria da”. Zaurituei babesa azaldu die.

Izquierda-Ezkerrak “guardia civilek eta euren bikoteek jasandako erasoa kondenatu” du.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek gertaeren “kondena irmoa” egin du. “Errespetua eta tolerantzia edozein gizarteren oinarria izan behar dute, zeinetan desberdinek jarraitu beharreko helburua elkarbizitza den”. Diario de Noticias egunkariari adierazi dionez, “halako gertaera bat, hain larria, ezohikoa da”. Alkateak zalantzan jarri zuen gertakarian “hainbeste jendek” parte hartu izana. Altsasuko Udaleko bozeramaileen batzordea gaur bilduko da eta gaien artean larunbat goizaldeko liskarra izanen da.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AEM)  adierazi duenez, “Guardia Civilek tradizioa bihurtu dute zerbitzuz kanpo daudenean ere jendearekin liskarrak sortzea”. “Okupatzaileen indarkeriazko jardueraren ondorioz eta Sakanan presentzia itogarria dutelarik, herri honek aspaldi utzi zuen argi ez dugula gure artean nahi ez Guardia Civila ez gainontzeko errepresio-indarrak”. AEMk gertatutakoa Foruzaingoaren “muntaiatzat” jo du.

Covitek jakinarazi du “erasoaren egileak terrorismo delituarekin lotura duten gorroto delituengatik eta agintearen kontrako atentatuagatik” salatuko dituela.

Nafarroako Parlamentua
Bozeramaileen batzordeak bi instituzio adierazpen onartu ditu. Aurrenekoa UPNk, PSNk eta PPNk aurkeztu dute eta haien aldeko botoekin eta gainontzekoen abstentzioarekin onartu da. “Jarrera faxistak dituen justifikaezinezko eraso honen aurrean kondena irmoa, elkarbizitza arau oinarrizkoenak ere ez baitituzte errespetatzen”. Zaurituei elkartasuna adieraztearekin batera, Guardia Civilak egiten duen lana babestu eta aitortu egin du parlamentuko mahaiak. Aldi berean, toki erakunde eta gizarte eragileei dei egiten zaie “festetan elkarbizitza hobetzeko lan egiteko, festa guneak pluralak, integratzailea eta gorrotoz eta propaganda politikoz guztiz aske egon daitezen” lan egin dezaten. Adierazpenaren 5. puntua ez da onartu gobernuari eusten dioten lau indarrek kontra bozkatu dutelako. Parlamentuak Iruñeko komandantziaren parean gaur eginen den kontzentrazioan parte hartzeko eskaera da atzera bota dena.

Bigarren instituzio adierazpena Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Bozketan haiekin bat egin du PSNk. EH Bildu abstenitu egin da eta UPNk eta PPNk kontra bozkatu dute. Adierazpenak “jazotako gertaera bortitzak salatzen ditu”. Parlamentuak zauritutako pertsonei elkartasuna adierazi die. Parlamentuan Altsasun elkarbizitzaren aldeko apustua egiten du, “aipatutakoen moduko gertakariak atzean utziz. Halakoak iraganekoak dira, ez dute gure orainaldiaren zati izan behar”. 




Ospa mugimendua
Makina bat jende elkartu zen Foru plazan larunbatean, 20:00etan, egindako kontzentrazioan. Atxiloketak direla eta, Ospa mugimenduak atxilotuei “elkartasun osoa” adierazi die. Ospakoek azaldu dutenez, “ez gara egoera normaldu batean bizi, eguneroko ogi baitugu indar-errepresiboen mehatxu, oldarkeri, kolpe, check-pointak eta abar”. Maiz jakinarazten dituzten kontrolen datuak gogorarazi dituzte (Sakanan 450 baino gehiago 9 hilabeteetan) gaineratzeko:
“gurea biolentatutako gizarte bat da, inposaketa eta errepresio kuota altuak (Europako altuenak) jasatera kondenatuak hamarkadaz-hamarkada”.

Ospatik azaldu dutenez, “ez da lehenengo aldia gure herriko parranda-guneetan, sobera kontrolatuko "inkontrolatuen" erasoak jasaten ditugula, txozna gunean, tabernatan. Azken kasua, Ospa eguneko kontzertuetan izan genuen eta, noski, herritarrek kanporatu egin zituzten kalez-jantzitako poliziak. Bestela ere zenbatu-ezinak dira urteetan jasan ditugun okupazio, mehatxu, kolpe eta bestelako perlak…Euren esanetan "aisialdiaz gozatzen".

Larunbat goizaldean gertatutakoari hedabideek polizia-iturriei emandako bertsioari emandako sinesgarritasuna salatu du: “eskarmentu ederra dugu holako egoeratan, desitxuraketa eta gezurretan nahasi baitute askotan gure herriaren izena”. Bestelako egoerak nabarmendu nahi izan dituzte: “guk bakarrik dakigu zer den, zure isun astronomikoa sinatu duen polizia zure alboan jasan behar izatea, kontrol batean mehatxatu eta zigortu zaituen agentearen irribarre faltsua ikustea eta zer esanik ez Ospa egunean gertatu bezala euren makilkada eta kolpeak jasotzea…doan ateratzen zaie eta inork, guk salbu, ez du ezer ez esan, ezer ez salatu, ezer ez egin…” Horregatik Ospako kideek diote larunbatekoa ez zela egoera ”isolatu” bat. Gertaeren ondoren herria poliziaz bete izana salatu dute. Ospatik “borrokan” jarraituko dutela adierazi dute, Guardia Civila “nahi eta behar” ez dutelako.