Hizketan

Udalak bakean eta elkarbizitzan sakontzeko deia egin du

Guaixe 2016ko urr. 17a, 22:19

Altsasuko Udalak larunbat goizaldeko gertakarien ondoren instituzio adierazpena onartu du Geroa Bairen, Goazen Altsasuren eta PSNren bozkekin. Javier Ollo Martinez alkateak horren berri eman digu.

Alkateak adierazi duenez, udal talde guztien artean adierazpen adostu bat lortzen saiatu dira,baina ezinezkoa izan da. Alkateak EH Bilduk egindako ahalegina aitortu du, "puntu askotan ados zeuden, baina ezin izan da". UPNren jarrera "urrunagoa" zela gaineratu du.

Udalak gaur onartutako instituzio adierazpenak "gertatutako indarkeria gertakariak kondenatzen ditu, baita edozein indarkeria maila ere, indarkeriak txikiak barne, datozen tokitik datozela ere". Udalak zauritutako pertsonei elkartasuna adierazi die. Aldi berean, udalak "herrian elkarbizitzaren aldeko apustua" egin du.

Horrekin batera, udal adierazpenak "zenbait hedabidek gure herriaz eman duten irudia errefusatu du; errealitatearekin ez du zerikusirik". Bestetik, "gertakarien ondoren Guadia Civilak Altsasun izandako presentzia ugaria arbuiatu du. Presentzia horrek ez du elkarbizitza giroa sortzen laguntzen". Azkenik, Altsasuko Udalak "herrian bakean eta elkarbizitzan aurrera egiten segitzeko borondate irmoa" azaldu du.