EH Bilduk Altsasuko udalaren bozeramaleen batzordean aurkeztu zuen idatzia publiko egin du. Lehenik, “asteburuan sortutako egoerarekin kezka” azaldu zuen koalizioak, “zenbait pertsona zauritu eta bi gazte atxilotu eta ondoren aske utzi” zituztelako. Horrekin batera, koalizioak “zabaldutako informazioekin eta arduradun politikoen presazko erreakzioengatik haserrea” azaldu zuen, “Guardia Civilaren kontakizunari besterik ez dio erantzuten, Altsasun egia ez dela dakigunean. Erakundeetatik gertakariak ahalik eta zehaztasun handienaz ezagutu behar dira edozein balorazio egin aurretik, horiek ekar ditzaketen ondorioengatik”.
Koalizioak “gure herritarrek hedabideen aldetik jasandako lintxamendua arbuiatu” du, “errealitatearekin bat ez datorren gure herriaren irudia eman da”. Horrekin batera, EH Bilduk “gure herrian Guardia Civilak izandako gehiegizko presentziagatik kezka eta egon-eza” adierazi zuen. “Presentzia horrek elkarbizitza giroa sortzen ez du laguntzen, horregatik, udal honek beste behin, herriaren desmilitarizazioa eskatzen du”. Azkenik, koalizioak nahi zuen udalak azaltzea “gure herrian eta Euskal Herrian bakerantz eta elkarbizitzarantz aurrera egiteko borondate irmoa eta halako egoerak berriro ez errepikatzea”.