Dagoeneko, ziur aski, guztiek jakingo duzue Altsasun pasa den larunbatean gertatutakoa. Gertakariagatik askok bere arbuio sendoa azaldu dute, betiko bideetatik eta sare sozialetatik (azken horietan ez beti modu zuzenean). Baina pentsatzen jarrita, benetan dakigu zer gertatu zen? Galdera hau egitea behar-beharrezkoa da, soilik kontatzen delako Guardia Civilak esandakoa.
Inor da ez gure hiri txit prestura (armarriak hala dio) etorri gertatutakoaz galdetzeko ezta gertakarien bertsioa eskatzera. Gertakariei erreparatuta, nahiko nahasiak dira, baina hori beste baterako utziko dugu.
Astean zehar Altsasu kazetariz bete da, goitik-behera. Hauek, irudiak hartu, betiko esaldi berdinak esan eta alde egin dute gure herritik, gure iritzia edo gertakarien ikuspuntua eskatu gabe.
Txikitatik erakutsi digute: “bik ez dute borrokatzen batek nahi ez badu” eta “norbaiti errua bota baino lehen, informazioa ongi aztertu behar da”. Hau guztia zergatik diodan galdezka egongo zarete, eta oso erraza da: Albisteetan atera diren hainbat datu erabat lekuz kanpo daude. Entzun dut telebistan nola 40 gero 50 eta azkenean 60 pertsona parte hartu zuten liskarrean.
Eta galdetzen dizuet, hainbeste jende egotekotan, nola da posible soilik orkatila zauritua izatea? Denok dakigunez, holako liskar batean orkatila da bilatzen den lehena, ezta?
Hala eta guztiz ere kaltetu bakarrak altsasuarrak gara, gure herriaren irudia erabat zikindu dutelako estatuko hainbat komunikabideek. Baina gure herria ez da bakarrik aste honetan zehar erakutsi nahi izan dena, bertute pila ditugu eta.
Ahaztu bazaizkizue hauek gogoraraziko dizkizuet: Altsasun, betidanik, kirol aukera pila bat izan ditugu (bizikleta, saskibaloia, futbola, taekwondoa…), eta hauetatik, Naiara Diez saskibaloi jokalaria, Jorge Azanza txirrindularia (Giroan eta Tourrean aritua) eta Hodei Mazkiaran (pistard olinpikoa) kirolari paregabeak atera dira.
Gainera, Gipuzkoa Araba edo Lizarraldearekin lotzen gaituzten baso eta mendi zoragarriak ditugu; berde-berdeak eta animaliez beterik, zeinetan nafar erregeek egondako ermitak ditugun. Munduko inauteri ikaragarrienak ditugu gure momotxorro eta sorginekin. Gurutzea edo jentilen leihoa moduko toki magikoak ditugu. Gainera, herriko euskalkia berreskuratzeko asmoa duen gazte-talde bat daukagu. Bai arduratsuak! Hitz gutxitan, herri ederra eta jende zoragarria ditugu.
Hauek dira egunotan ahaztuak diruditen bertute askotako batzuk. Hau bai delako Altsasu eta ez egun hauetan zabaldu dutena. Guztiak gonbidatzen zaituztegu, beso zabalik hartuko zaituztegu.