Asviamin elkartea sortu da

Guaixe 2016ko urr. 21a, 08:46

Amiantoak kaltetutako pertsonak eta sendiak laguntzea du helburu.

Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteak, Asviamin, eratze batzarra herenegun egin zuen Altsasun. 26 pertsona elkartu ziren bileran eta ardurak banatu zituzten: Elena Herrero Martinez tafallarra izanen da lehendakaria (amiantoak eragindako gaitzarekin hil zitzaion ama); lehendakari ordea, Julian Ilintxeta Domenetx; idazkaria, Manuel Paniagua Martin eta diruzaina, Josune Bengoetxea Agirrebengoa (azken hiruak altsasuarrak).

Estatutuak onartu zituzten eta haiek elkarteen erregistroan aurkeztuko dituzte. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurreko aldia pasata, 2017ko hasieran elkartea martxan izatea espero dute. Elkartea eratzeko aurreneko bilera joan den urteko azaroa akaberan egin zen. Prozesu guztian Euskadiko elkartea eta Jesus Uzkudun izan dituzte laguntzaile.



Jesus Uzkudun
Asviamieko kidea

Zein helburu ditu elkarte berriak?
Aurreneko gauza da gaixo denak laguntzea. Batez ere gaixotasuna aitortzen eta kalte ordainak jasotzen. Bestetik, jendeari zein arazo dagoen jakinarazi. Horiei gaixotasunak azaleratzen lagundu eta, bestetik, osasun zaintzan jarri amiantoarekin lan egin duten guztiak. Euskal Autonomi Erkidegoan, azken urtetan, 3.000tik 7.400era osasun zaintzan gaude. Eta uste dugu hurrengo urteetan hori bikoiztu eginen dugula.

Osasun zaintzan sartzeko zer egin behar du batek?
Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak aztertu behar du. Hara idatzi bat aurkeztu behar da, amiantoarekin orain edo lehen lan egin duela azaltzen duten probekin. Haiek aztertu ondoren eskatzailea osasun zaintzan sartzen dute. Momentuz kalterik ez izan arren bihar minbizi bat sortzen bazait atestatu bateko proba da hori: amiantoarekin aritu nintzen eta dokumentu ofizial bat dut.

Hor egoteak ekartzen du osasun zaintzarekin gaixotasuna lehenago harrapatzea. Eta, bestetik, batek minbizia daukanean oso indar gutxi dauka bueltaka hasteko. Baina lehendik egina badu ia-ia automatikoki gaixotasuna aitortzen diote, nahiz eta enpresak edo beste zenbaitek oztopoak jarri. Gauza horiek gainditzeko zerrenda horretan egotea oso garrantzitsua da.

Horretarako, bakoitzak mugitu behar du, ezta?
Noski. Gai honi behar duen garrantzia eman behar zaio. Gu ikusten ari gara Tafallan, Erriberrin eta asko sartzen ari dela.

Asviamin-eko kide zein izan daiteke?
Edozein gaixo edo amiantoarekin lan egin duena, senidea edo laguntzeko prest dagoena. Edozeinek. Urteko 20 euroko kuota proposatu da. Horrekin, epaitegira joaten garenean erantzun kolektiboak azaldu. Ez utzi bakoitza bere borroka gogorrean bakarrik. Kolektiboki erantzun.

26 pertsona elkartu dira eratze batzarrean. Batzuk entzule moduan. Nongoak dira?
Altsasu, Olatzagutia, Narbarte eta Tafalla. Iruñetik eta Erriberatik ez dute posible izan etortzea. Nafarroa osoa hartu nahi dugu eta jendea protagonista izan dadila.

Urte berrirako martxan?
Lehenbailehen nahi genuke. Eta herriz herri ezkilak jotzen hasiko gara, hitzaldiekin jo eta ke. Informatzeko. Nere esperientzia da, behintzat, hitzaldia ematen dugun bakoitzean jende berria agertzen dela. Merezi du.

Nafarroan beste elkarteren bat sortzekotan daude. Zer dakizue?
Gutxi. Zenbait hedabidetan agertu dira. Denok batera elkarte bakar bat sortzeko aukera eskaini genien. Ez dute ezer nahi. Arritzen gaituena da enpresak ari direla hori bulkatzen. Normalean guk enpresak epaitegian opatu ditugu, eta gure kontra. Orduan, susmo txarra hartzen diogu. Gure elkartean edozeinendako dago lekua, helburu horiekin lan egin behar da. Kolore eta ideologia guztietako jendea parte hartzea nahi dugu.

Asviaminek beste elkarte batzuekin harremana izanen du, ezta?
Euskadin beti konfederazio ideia planteatu dugu. Nafarroak bere berezitasunak ditu eta bere autonomia behar duela uste dut. Baina elkarlana ere behar du. Oso gertu gaude. Estatuan dauden beste elkarte batzuekin ere borroka garbia dago: EAEko eta Nafarroako parlamentuek konpentsazio funtsa eskatu dute eta Rajoiren gobernuari ez zaio inolako borondaterik ikusten. Hortik pixka bat bultza eta estutu beharko dugu.

Nafarroan amiantoak kaltetutakoen daturik badago?
2.000 pertsonatik gora daude. Horien indarrak bildu behar dira. Udan gertatu zen: Seat-en lan egin ondoren mesoteliomakin hil zen. Gaixotasuna aitortu baina denbora pasa zitzaion kalte ordainak eskatu gabe. Inork ez ziolako esan. Elkarteak gaixotasunak aitortu eta kalte-ordainak eskatu nahi ditu. Kalte-ordainak eskatzean, poltsikoak ukitzen digutenean, orduantxe espabilatzen gara. Hurrengorako enpresetan neurriak har ditzatela.