Altsasuko bizilagun talde batek deitu zuen manifestazioa, Utzi bakean Altsasu! Polizia muntaiarik ez leloa zuena. Bukaeran adierazi zutenez, “beste muntaia batek ondorio latzak utzi ditu gurean: bi gazte atxilotuta beren herrietako feriez gozatzen zuten bitartean, hainbat bizilagunen kontrako erasoa herria militarki okupatuta eta hedabideen jazarpena. Emaitza, Altsasu osoa iraindua”.
Adierazi zutenez, “emandako bertsio ofiziala indargabetuta eta argudio faltarekin geratu da. Etengabeko kontraesan, manipulazio eta gezurrak. Horren lekuko zuzenak izan gara”. Ziurtatu zutenez, “Altsasun ez zen inolako segadarik izan, ez lintxamendurik egin. Taberna batean sortutako iskanbila baten ondorioz sortutako muntaia mediatiko-politikoa gertakari bakarra. Guardia Civila nahasturik agertu zen istilua herri hau zapaltzen jarraitzeko erabiltzen ari dira”. Halako adibide asko daudela eta horien aurrean altsasuarrak “guztiz babesgabe” daudela nabarmendu zuten.
Nafarroako Gobernuaz esan zuten: “ezin dugu ulertu aldez aurretik inongo daturik kontrastatu gabe egin dituen adierazpenak. Gure herrian elkarbizitza normalizatuaren kontra egitea leporatzen digute. Zein erraza eta merkea ateratzen zaion ordezkaritza politikoari bertsio mediatiko-manipulatua indartzea”.
Nabarmendu zutenez, Altsasuk “errepresioaren hodei beltza gainean du, besteak beste, UPN, PP eta PSOE hori babesten ari dira, baita Geroa Bai bere epelkeriarekin ere. Denborak arrazoia eman digu, badakigulako nola bukatu diren antzeko zirku politiko-mediatikoak”. Halakoek gazteriaz aparte “Altsasu osoaren kontra egiten du”. Sexu-erasoen inguruan egin ziren salaketez adierazi zuten: “Altsasu sexu-eraso guztiak salatzeko izandako duintasunaren kontra ere egiten du zirku horrek. Hortaz, ez dugu inolaz ere onartuko manipulazio eta distortsio adibide argia izan den honi sexu-erasoa deitzea”. Ibilbidean zehar entzun ziren leloetako batzuk izan ziren: alde hemendik, utzi bakean; utzi bakean Altsasu; que se vayan; televisión manipulación edo errepresiorik ez.
Covite, hasieran
Manifestazioa abiatu aurretik Consuelo Ordoñez buru zuten Coviteko lau kide Foru plazan agertu ziren kartelak eskuetan zituztela. Honako lelo hauek irakur zitezkeen: gorrotoa kanpora; Guardia Civila, hemen segi, maite zaituztegu, behar zaituztegu; Ez diguzue beldurrik ematen, pistolarik gabe ez zarete inor eta hemen soilik biolentoak daude sobran. Ondoren, hedabideei egindako adierazpenetan Ordoñezek esan du “aukeratu beharra dagoen uneak daudela: estali edo aurpegia eman. Hau horietako bat da. Horregatik, Coviteko lau biktima etorri gara erradikalei, biolentoei, aurre egitera. Izua eta gorrotoa inposatu nahi dute EAEko eta Nafarroako hainbat herritan”.
Ordoñezek azaldu zuenez, “aspalditik gaztigatzen ari gara erradikalizazioaren arriskuaz. Presio eltzea da. Altsasun gertatu dena gertatu da asteburuan”. Gertaerak ez dituela harritu nabarmendu zuen: “gorrotoari kultua inoiz baino biziago dagoenaren sintoma da. Gorrotoari askatasunarekin aurre egiten zaio”. Manifestariak “gorrotoaren profesionalak” zirela eta Sortuk deitu zituela gaineratu zuen. “ETAk 40 urtez nahi zuen gauza bera nahi dute. Horregatik esaten diegu: aski da! Ez diegu beldurrik. Pistolarik gabe ez dira ezer. Guk milaka nafar, euskal herritar eta altsasuar ugari ordezkatzen ditugu. Gutaz harro daude eta gurekin daude”.