Ferietako liskarraz Foruzaingoak egindako atestatuan esandakoa berresten omen du Guardia Civilak epaitegian aurkeztu duen eginbide osagarria. Batzuk eta besteek ondorioztatzen dute bi guardia zibilek eta haien bikotekideek bizi zutena ez zela ez lintxamendua ezta jipoi antolatua ere. Ezta 40-50 pertsonek parte hartu zutenik ere. Diario de Noticias egunkariak epaitegietako iturriak aipatuz gaineratu duenez, Guardia Civilak ez du terrorismo deliturik ikusi, baina gorroto delitu zantzuak ikusi ditu. Terrorismo gisa epaituko balitz Madrilen litzateke epaiketa, bestela, Iruñean.
Guardia Civilak gorroto delituarena argudiatzeko 80 orriko txostena prestatu du. Joan den mendeko 80ko hamarkadara arte egin du atzera. Antza, Alde Hemendik mugimenduaren eta Ospa mugimenduaren inguruko berriak, atxilotutakoen eta identifikatutako pertsonen aurrekariak eta Guardia Civilarekiko ezinikusi gertaeren zerrenda jasotzen ditu txostenak.
Sei identifikazio
Liskarrean izan ziren Guardia Civilek argazki bidez zortzi pertsona identifikatu omen dituzte. Atxilotutako biak eta beste sei. Iruñeko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegiko Mari Mar Benito epaileak erabaki beharko du haiek auzipetzeko nahikoa zantzuak dauden edo ez. Baiezkoa bada, bi aukera lituzke: haiek deklaratzera deitu edo atxilotzea agindu.
Madrilen
Covitek liskarra Espainiako Auzitegi Nazionalean terrorismo delitu salatu zuen. Bi atxilotuak, liskarrean parte hartu zuten guztiak, Ospa mugimendua eta @AltsasukoGA twitter kontuko arduradunak auzipetzea eskatu zuen. Auzitegiko epaile Carmen Lamelak fiskaltzari auzia epaitzeko gai den galdetu zion atzo.
Erreakzioak
Larunbateko manifestazioaren ondoren UPNko Javier Esparzak Guardia Civilak Nafarroan segitzeko “erabateko babesa” azaldu dio. Esparzak gaineratu duenez, “Nafarroan soberan daudenak dira biolentoak, mehatxuak egiten dituztenak, kolpatzen dutenak edo haiek bezala pentsatzen ez dituztenak errespetatzen ez dituztenak. UPNko buruaren arabera, “euren izaera faxistaren erakustaldi berri batean, berriro beldurraren diktadura ezarri nahi dute”. Nafarroako Gobernuari eta hari eusten dioten koalizioei zuzenduta EH Bilduri “jarrera demokratikoa” eskatzeko exijitu zuen Esparzak.
PPNko kudeaketa batzordeko buru Pablo Zalbak manifestazioa “nazkagarria” zela adierazi zuen, “segurtasun indarrak iraintzea besterik ez du helburu”. Zalbak gaineratu zuenez, “ordezkatzen duten horrekiko gorrotoagatik bi guardia civilak eta haien bikoteak jende-pilo batek basatiki jo zituela argi gelditu denean, polizia-muntaiatzat jotzea arbuiagarria iruditzen zaigu”. Aldi berean, Uxue Barkos Berroezo presidenteari Bildurekiko loturak askatzeko eskatu dio.