Liskarra Espainiako Auzitegi Nazionalera

Guaixe 2016ko urr. 26a, 10:23

Coviteko Consuelo Ordoñez larunbatean Altsasun.

Fiskaltzaren iritzia eskatu ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko Carmen Lamela Diaz epaileak Altsasuko liskarreko auzibidea bere esku hartuko du. Dagoeneko Iruñeko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegi egindako diligentziak eskatu dizkio. Foruzaingoak eta Guardia Civilak euren txostenetan gorroto delitua ikusten zuten tokian Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak terrorismo delitua ikusten du eta, horrela, Covitek egindako salaketarekin bat egiten du. Epailearen ebazpenari helegitea aurkezteko 3 eguneko epea dago.

Epaileak Guardia Civilari bi eskaera egin dizkio. Batetik, “Nafarroan eta, zehazki, Altsasun euren agenteek sufritzen duten jazarpen kanpainaren inguruko txostena egiteko”. Bestetik, identifikazioak egiteko eskaera:  “bertsio ofiziala” gezurtatzeko kolektiboki adierazpenak egin zituztenak eta argazkietan ageri direnena eta Altsasuko gazte asanbladaren Twitter kontuaren, @AltsasukoGA, arduradunena. Epaileak, azkenik, Foruzaingoari ikerketa guztien berri emateko eskatu dio.

Argudioak
Bi guardia civilek eta haien bikotekideek “jasandako eraso basatia” dela adierazi ondoren, epaileak dio “segurtasun indarren kideen kontrako delitu gertakari larriak” direla, “haiek bezala pentsatzen ez duten kolektiboak beldurtzeko asmoz eginak eta bake publikoaren nahasmen handia sortuz”. Epaileak bere egiten ditu fiskaltzaren argudioak eta gogora ekarri du KAS alternatiba eta Aletrnatiba demokratikoa agirietan Guardia Civila Euskal Herritik kanporatua izan behar zela jasotzen zutela. “Ezker abertzalearen jarduera ildoetako bat izan zen”. Bestetik, terrorismo delitu kalifikazioa argudiatzeko epaileak joan den urteko zigor-kodearen erreforman oinarritzen da.