Gala erotikoa Gozamenezen 15. urteurrenean

Guaixe 2016ko urr. 28a, 14:33

Astelehenean, 20:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Gazteei eta helduei parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie.

Flirte-art gala erotikoa eszenara eramanen dutenak Haize Berriak bandak, Zirkus blai zirku gazte taldea eta Zirika Zirkus dira. Artisten, musika-tresnen eta publikoaren artean flirteoa piztu eta gozatzeko moduko saioa eskaintzeko asmoa dute. Galan hiru taldeen arteko kideek elkarri-eraginen diote. Batzuek musikarekin edo musika tresnekin, malabarismoekin eta akrobaziekin besteek, azkenek, umorez.

Haize Berriak bandako Iosu Rubiok eta Moti Altzelaik jakinarazi zutenez, hainbat musika estiloko sei doinu joko dituzte galan: Dimitri Shostacovichen bals bat; Arturo Marquez Navarroren Danzon nº 2; Joe Cockerren You can leave your hat on; AEB hegoaldeko dixie doinu bat; tango bat eta Pedro Beltran Ruizen eta Luis Demetrioren Quién sera.

Emanaldiaren aurkezpenean Gozamenez programako arduradunek azaldu zutenez, “gala mimoz, ilusioz eta esfortzu handiz prestatu dute taldeek”. Programako arduradunek jakinarazi zutenez, 10. urteurrenerako bandarekin harremanetan jarri ziren, “baina hutsean gelditu zen. Maiteminduta jarraitu dugu azken urte hauetan, eta aurreneko topaketa horren ondorioz, eta edabe erotiko batzuei esker, astelehenean guztiok gozatu eta laztankerietan ibiliko gara”.

Gozamenez, 2016ko udazkena
Herria Data Ordua Zer
Altsasu Lastailak 31, astelehena 20:30ean Flirte-art gala erotikoa
Altsasu Azaroak 11, ostirala 22:00etan Zine-foruma. Una noche de verano.
Altsasu Azaroak 19, larunbata 18:00etan Sentipen ibilbidea. Neska gara, eta zer?
Ergoiena Zehazteko   Tailerra