Gozamenez, 15 urte gazteei sexualitatearen ikuspegia zabaltzen

Guaixe 2016ko ira. 30a, 08:51

Sexualitatea gizakion dimentsio bat da, aukera asko eskaintzen ditu eta oinarrizkoa da pertsonen garapenerako. Hala ere, faktore askok baldintzatzen dute sexualitatea. Erabakigarrienetako bat gizartea da, hark sexualitateari ematen dion trataera. Gozamenez programaren bidez gazteak haien sexualitatearen garapenean inplikatu nahi izan dituzte, ideia murriztaileetatik aldendu eta eskaintzen dituen aukerak bizi ditzaten; horretarako, prozesu pertsonal autonomoak eta harreman pertsonal orekatuak bultzatu nahi izan dira. Gozamenez-en Sakanako bi arduradunek hari buruzko argibideak eman dizkigute.

Gozamenez programak 15 urte bete ditu aurten Sakanan. Eneka Irizarrek, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio teknikariak, gogorarazi digu gazteriaren eta sexualitatearen inguruko programa dela; “gazteen sexualitatea ikuspegi positibo eta plural batean lantzen duena. Azken batean sexualitatearen alderdi desberdinak landu, hausnartu, eztabaidatu, agerian jarri nahi dira. Bai gazteen artean bai gizartean”.

Sorreraz
90eko hamarkadan gazteen artean sexualitatea lantzen zutenak Cofesak ziren. Lehen urrats hura 1998an gelditu zen, UPNk hauteskundeak irabazi eta hurrengo egunean. “Hainbat murrizketa egiten hasi ziren, haien artean sexualitatearena. Izena aldatu zuten. Horren atzean murrizketa eta atzerapauso ikaragarria zegoen”. Hala gogorarazi du Blanki Torresek, Altsasuko gazteria teknikariak.

Hori ikusita, “gazteei zuzendutako programa berezi eta plural bat egitea pentsatu genuen”. Torresek azaldu duenez, eredua Gasteiztik hartu zuten. 2.000 urtean Gozamenez programa Iruñean jarri zen martxan. Hura koordinatzen erakunde hauek zeuden: Iturramako Emakumeari laguntzeko Zentroa, Andraize, HIESaren aurkako Batzordea, Ilotaledo, Nafarroako Gazte-Kontseilua, Askagintza, Kattalingorri eta Hegoak. Hurrengo urtean iritsiko zen Sakanara. Programa ibarrera ekartzeaz “jende asko” arduratu zela nabarmendu du Torresek: “gogoratzen dut 11 herrietan landu genuela. Batez ere gaztetxeetakoak, feministak, Sare, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, institutuak eta ikastolak.

Ordutik, Gozamenez programaren bidez sexualitatea gune publiko eta ohikoetan landu nahi izan da; “azken batean, kalera ateratzea. Sexualitatea momentu oro agerian dago. Gurekin dagoen zerbait da eta hori kaleratu nahi dugu” azaldu du Irizarrek. Horretarako, Gozamenez programaren barruan “ekintza ezberdinak” antolatu dira. Guztien bidez gazteei adierazi nahi izan zaie “gauza desberdinekin, gozatzeko momentu eta plazera daukan momentu desberdin askorekin, ari diren hori ere sexualitatea dela. Azken batean, sexualitatea ez da soilik sexu-harremanak. Beste harreman mota batzuk daude”. Hori azaltzeko moduko ekintza “oso desberdinak” aipatu ditu segituan Irizarrek: tailerrak (antzerkia, txalaparta, makilatzea, dantza…), film laburrak egin dira, ur festa goxoak, zentzumen ibilbideak (zentzumenak lantzen ikasteko)…

Ikuspegi hori gazteei helarazteko Torresek azaldu du guztiak trebatuta daudela. Saioa eman behar duena sexualitatearen inguruko prestakuntzarik ez badu “harekin, gutxienez, saio bat egiten dugu. Helburuak zein diren azaltzen diogu”. Halako tailer bat eta gazte txoko batean eman daitekeena desberdinak direla argitu digu Torresek: “tailerraren barruan, mundu horretan, sexualitateari eta erotikari buruz zer dagoen ikusi eta hortik abiatzen dugu ekintza hori”.

Antolakuntzaz
15 urteko ibilbidean Sakanako Gozamenez programaren antolakuntza “erabat aldatu da”. Teknikariek beti ideiak prestatu dituzte. “Hasieran ideia horiekin gazteengana jotzen genuen eta haiek ixten zuten programa. Gazte askok parte hartzen zuten”. Torresen iritziz, “ez bakarrik gazteak, gizartea, orokorrean, erabat aldatu da. Orain, normalki, guk prestatzen dugu. Gaztetxokoan komentatzen dugu eta ideiaren bat sortzen da. Batzar bat egiten dugu eta peñetakoak, gaztetxekoak eta hainbat koadrila elkartzen gara. Programa itxi, aktiboki, guk egiten dugu”.

Herriren batean zerbait antolatu behar denean, lehenik gazteekin harremanetan jartzen direla argitu du Irizarrek; “zer nahi duten jakiteko. Gauza bat ez dugu guk nahi dugulako egiten”. Horrek “normalean” gazteen parte hartzea bermatzen duela gaineratu du. Sakanan Gozamenez koordinatzeaz honakoak arduratzen dira: Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentroko hezitzailea, Altsasuko Gazteria Zerbitzuko teknikaria, Irurtzungo, Etxarriko eta Altsasuko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio teknikariak.

Nolako ikuskera?
Programa indarrean izan den aldian gazteek sexualitateaz eta erotikaz duten ikuspegiaz galdetuta Torresek uste du “oinarrizko gauzak ez direla asko aldatu. Gaur egun informazio gehiago dute. Erraz ikusteko. Baina gero jarrerak, emozioak, sentimenduak… ez da horrenbesteko aldaketarik”. Luzerako lanketa dago aurretik eta Gozamenez programa bitarteko izaten segituko du. Baina gabezia sumatzen du Torresek: “udal edo Nafarroa mailan, beharrezkotzat jotzen dugu gazteei propio zuzendutako zentro bat egitea. Eta, jakina, aldez aurretik sexu-heziketa egitea. Horretan, gabeziak gero eta gehiago ikusten dira”.

Irizarrek aurrera begira jarri da: “gure asmoa jarraitzea da. 15 urte bete dituztelako ospakizun berezia egin nahi dugu. Gero segitzeko asmoarekin. Aurtengoa gauza berezia eta handiagoa izanen da. Baina hemendik aurrera orain arte bezala, gauza xumeagoak edo antolatuko ditugu”.



Urteurren ospakizuna
“Herriarekin ospatu nahi genuen, jende guztiarekin. Eta Flirteart izeneko gala erotikoa antolatu dugu”. Irizarrek aurreratu duenez, Haize Berriak bandak, Zirika Zirkus konpainiak eta Zirkus Blai zirku talde gazteak parte hartuko dute. Ikuskizuna “ezberdina eta polita izanen delakoan gaude”. Teloia zentzumenen, sentsazioen eta gozamenaren mundura bitan zabalduko da Altsasuko Iortia kultur gunean lastailaren 31n, astelehenean: 19:30ean gazteendako gala izanen da eta 22:30ekoa publikoari irekia. Aurreneko emanaldira gazte batzuk gonbidapenarekin joanen dira, “15 urteetan Gozamenezen parte hartu duten pertsona, erakunde edo mugimenduei eskerrak eman nahi dizkiegulako”. Emanaldiaren ondoren auzatea ere izanen da haiekin.

Ikuskizuna otsailaz geroztik prestatzen ari dira. Irizarrek argitu duenez, “oztopo batzuk izan ditugu. Buruan genuena eta izanen dena, aldaketak egon dira. Onerako”. Ikuskizunean parte hartuko zuten gazteak behar zirela eta deialdia egin zuten teknikariek. “Gazteen programa bat denez, gazteek parte hartzea. Zazpi batek erantzun zuten. Informazio gehiago eskatu zuenik ere izan zen. Jende gehiago behar zen eta, denbora faltagatik, zaila zen pertsona horiekin antolatzea”. Profesionalek azaldu zieten ikuskizunerako gazteak trebatu beharra zegoela eta ez zegoen denbora pila behar zela. Horregatik, egitasmoa egokitzen joan da. “Zirkus blai talde gazteak eta bandako gazteek parte hartuko dute”. Hala ere, ez dute baztertzen hasierako asmoa beste urteurren batean gauzatzea.

Udazkeneko egitaraua
Ikasturtero moduan, ikastetxeetan Gozamenez programako didaktika-unitatea egin dute. Ligoteoari buruzkoa da eta handik ateratzen den materialarekin kultur gunea apainduko dute lastailaren 31n. Zine-fromua izanen da Altsasun azaroaren 11n, ostirala, 22:00etan. Altsasuko gaztetxokoan ere zentzumenen ibilaldia antolatu dute. Ergoienan ere aurten zerbait eginen da. Gainontzeko herrietan udako ur festa goxora mugatzen ari da Gozamenez programa.



Helburuak
Gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian uztea, gune publiko eta ohikoetan.

Sexualitatearen ikuspegi positibo, adeitsu eta aberasgarria eskaintzea, bai eta hura adierazteko eta bizitzeko dauden moduena ere.

Sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi du gazteen artean nahiz gazteen eta haien bitartekarien artean (familia, ikastetxea, aisialdia, aisia…), bai eta komunikabideekin ere.  

Gazteen herrian edo hirian eta komunitatean sexualitatea lantzen duten baliabideak eta elkarteak ezagutzera ematea.


Sarean
www.gozamenez.com