Ferietako liskarra dela eta Guardia Civilak identifikatu zituen sei pertsonak euren borondatez epaitegira joan ziren ostiralean. Iruñeko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegian deklaratu zuten. Asmo horrekin joan ziren bi egun lehenago, baina epailea ez zegoen zaintza txandan. Auzia Iruñeko epaitegiak edo Espainiako Auzitegi Nazionalak epaituko duen oraindik ez da argitu.
Bestalde, ostegunean, Javier Ollo alkateak heriotza mehatxu mezua jaso zuen udalaren web orriaren bitartez. Ferietako liskarrarekin lotu zuen mehatxua alkateak eta eskuin muturraren itzala ikusi du haren atzean. “Lastailaren 15ean gertatutako guztia handitu eta manipulatu da, udal adierazpena barne”. Mezuagatik Foruzaingoan salaketa aurkeztu zuen alkateak. Bestalde, alkateak jakinarazi zuen Koxka tabernan ere mehatxuzko dei ugari jaso dituztela.
Instrukzioa?
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik jakinarazi digutenez, oraindik ez dakite non instruituko den ferietako liskarreko auzia. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko Carmen Lamela Diaz epaileak beretako eskatu du auzia, terrorismo delitua ikusten duelako. Horregatik, Iruñeko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegi egindako diligentziak eskatu dizkio. Baina, aldi berean, azken epaitegi horretako epaile Maria Paz Benitok gauza bera eskatu dio Lamela epaileari. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik azaldu digutenez, Madrildik eskatutako informazioa jasotzeko zain daude.