Altsasu, Iruñea, Madril

Guaixe 2016ko aza. 10a, 09:26

Ferietako liskarra Madrilen epaituko da defentsaren helegiteak aurrera egiten ez badu.

Iruñeko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegiko Maria Paz Benito epaileak ferietako liskarreko auzian inhibitu eta kasua  Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi du. Erabaki horren kontra bi auzipetuen defentsak helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du, Benitoren, Nafarroako Auzitegiaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean.

Foruzaingoak abiarazi zuen liskarraren ikerketa eta Iruñeko epaitegira bideratu zuen. Guardia Civilak egin zuen lehen txostenean “gorroto delitua” ikusi zuen, baita orduko Barne Ministro Jorge Fernandez Diazek. Baina Iruñeko Guardia Civilaren komandantziak txosten berria egin du eta “terrorismo delitua” ikusi du gertakarietan.

Covitek “terrorismo delituagatik” Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarri zuen. Epaitegi horretako 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegiko Carmen Lamela epaileak auzia bere gain hartzeko eskaera egin zuen. Azken horrek berriki “Guardia Civilak Nafarroan eta zehazki Altsasun bizi duen jazarpen kanpainaren” inguruko txostena jaso berri du.