Zortzi altsasuarren atxiloketak salatu dute 1.500 pertsonek gaur egin den manifestazioan. Sarekada “polizia muntaia” baten ondorio dela salatu dute. Aldi berean, “herriaren izena zikindu, gazteria eta Euskal Herriko desmilitarizazio eskaera kriminalizatu dituztela gaztigatu dute. Atxilotutakoak zortzi badira ere zerrenda luzeago dela gogorarazi dute. Manifestazioaren ibilbidean zehar honako leloak oihukatu dituzte manifestariek: atxilotuak askatu; alde hemendik, utzi bakean; borroka da bide bakarra; indar errepresiboak kanpora; ez gaituzue geldituko; herriak ez du barkatuko; ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar eta zuena biolentzia nazkagarria. San Juan kalearen erdialdean patrol bat agertu da eta orduan oihuak areagotu dira.
Informazio batzarrean jakinarazi dutenez, gazteak komunikatuta daude eta epailearen aurretik pasatzen hasi berri dira. Euren senideak autobus batean joan dira Madrilera. Manifestazioan zehar diru bilketa egin da sortuko diren gastuei aurre egiteko. Bihar 19:00etan batzarra izanen da.