Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegiaren aginduz atxilotutako zortzi altsasuarretatik sei behin-behinean preso sartu dituzte. Madrilgo Soto del Real (lau) eta Alcala Mecon (bi) espetxetan daude Iñaki Abad, Oihan Arnanz, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Jokin Unamuno eta Aratz Urrizola. Fiskaltzaren eskaera aintzat hartuz, “izaera terrorista duen lesio delituak" eragitea egotzi eta seiendako baldintzarik eta bermerik gabeko espetxe-zigorra ezarri du. Zigor Kodeko 573 bis artikuluak 10 eta 15 urte arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu.
Atxilotuek ihes egiteko arrisku handia dagoela argudiatu du Lamelak. Baina atxilotutako guztiek aurretik adierazia zuten Nafarroako Lurralde Auzitegian deklaratzeko borondatea. Albiste-agentzien arabera Lamelak ferietako liskarrean “zuzenean parte hartu izana” leporatzen die.
Beste bi atxilotu aske utzi ditu epaileak, uste baitu erasorik egin ez zutela. Hala ere, bi astean behin epaitegian agertu beharko dute eta pasaportea kendu die. Guardia Civilak atzo beste bi altsasuar atxilotu nahi izan zituen baina ez zituen opatu. Bi horiek euren kabuz agertu ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean atzo arratsaldean. Epaileak bihar hartuko die deklarazioa. Identifikatutako beste biak adingabekoak dira.
Atxiloketak
Kalez jantzitako poliziak edo guardia civilak zirela ohartu eta haien eta altsasuar batzuen artean aurrez aurrekoak izan ziren joan den astean. Horren ondoren, atzo 8:00ak aldera izan zen Guardia Civilaren sarekada eta zortzi altsasuarren atxiloketa: Altsasun hiru eta bana Aguraingo bidean, Ordizian, Iruñean, Gasteizen eta Madrilen izan ziren atxiloketak. Beste baten etxera ere joan ziren Guardia Civilak, baina ez zegoen etxean. Kalez jantzitako agenteek egin zituzten atxiloketak, baina Altsasun 5 patrol izan ziren ere. Atxilotuetako asko ikasleak dira eta ikastetxean edo harako bidean atxilotu zituzten.
Ausiki, hozkatu hitzaren sinonimo batekin izendatu du Guardia Civilak atzoko sarekada. Atxiloketen berri izan bezain laster euren senideak azkar antolatu eta autobus batean Madrilerako bidea hartu zuten. Altsasuarren abokatuak, Amaia Izkok, atxilotuak pairatzen ari diren “lintxamendu politiko eta mediatikoa” salatu du. Haien eskubideak urratzen ari direla gaineratu du.
Espainiako Barne Ministerioak zabaldutako oharrean bi Guardia Civilek eta euren bikoteek 40-50 pertsonen “talde erasoa” jasan zutela nabarmentzen du eta agenteek “mehatxuak eta irainak” jaso zituztela. “Erasoak ETAk eta legez kanporatutako KASek eta EKINek sortutako Alde Hemendik dinamika iraunkorrean kokatzen dira; Estatuko Segurtasun Indarrak eta armada Hego Euskal Herritik alde egiteko exijitzen duena. Altsasun dinamikak Ospa mugimendua izena hartzen du, 2011ko irailaren 3an Erregearen diskurtsoa ekitaldiarekin hasi eta hurrengo urteetan Ospa egunarekin segitu duena”.
Epailearen autoa
Liskarren ondorioz identifikatutako 12 pertsonak Ospa mugimenduarekin lotu zituen Lamelak ostiralean zabaldutako autoan. Idatzi horretan epaileak dio hiru “mugimenduaren sustatzaile nagusiak” liratekeela eta gainontzekoak “mugimenduko partaidetzat” jo ditu. Epailearen iritziz, Altsasuko bi guardia zibilek eta haien bikoteek salatutako liskarra “jazarpen eta beldurrezko kanpaina” baten ondorio da, "guardia civilek herritarrekin harremanak izatea saihesteko”. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak uste du terrorismo delitua egon daitekeela, uste baitu liskarra “Estatuko Segurtasun Indarrak beldurrarazi eta Euskal Herritik alde egin dezatela lortzeko” asmoz egin zutela. Epaileak gaineratu zuenez, bi agenteak “larriarazteaz” aparte, erasoaren helburua Guardia Civileko kideak, haien senideak eta Altsasun Guardia Civila babesten duten herritarrak beldurraraztea izan dela.
Erreakzioak
Altsasuarrak bitan atera ziren kalera atxiloketak salatzera. Aurrena, 13:00etan, udaletxe parean egindako kontzentrazioan. Sarekada salatu eta atxilotuei babesa azaldu zieten. Herritarrek eskutan zituzten karteletan honako leloak irakur zitezkeen: errepresioari stop; atxilotuak askatu eta Altsasuko gazteria aurrera. 19:00etan, informazio batzarraren ondoren 1.500 pertsonek manifestazioa egin zuten, atxilotuak askatu zioen pankartaren atzetik. Goizetik hainbat pankartak eta kartelek atxiloketak eta “polizia muntaia” salatu zuten.
Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Mª Jose Beaumontek salatu du ez zela beharrezkoa atxiloketak egitea, “are gutxiago goizaldean egitea”. Beaumontek gogorarazi zuenez, identifikatutako pertsonetatik bik dagoeneko deklaratu zutela epailearen aurrean, eta gainontzekoek ere berdin egiteko borondatea agertua zutela. Madrilen horren guztiaren berri bazutela zehaztu du.
Beamontek esandakoei erreparatu zien UPNko Javier Esparzak: “badirudi erasotzaileen alde jarri direla. Akats eta errespetu falta handia iruditzen zaigu, gainera, epaileen lana ezbaian jarri izana”. Geroa Baiko Koldo Martinezek adierazi zuen epaileek Zigor Kodeko 563 artikuluaren irakurketa “zuhurra” egitea espero duela.
EH Bilduk polizia operazioa salatu du: “aberrazio politiko eta juridikoa da”. Koalizioak gogorarazi du atxilotutako gehienak beren kabuz joan zirela deklaratzera. Aralarrek antzeko argudioak azaldu eta operazioa “neurrigabea” izan dela nabarmendu du. Antzeko iritzia eman zuten Ahal Duguk eta I-Ek. Sortuk, bestalde, “desmilitarizazioaren aldeko mugimendua kriminalizatzeko” terrorismo delitua “eraiki” dela salatu du. ELAk, bestetik, atxilotuak “lehenbailehen” askatzea exijitu du. Sindikatuak adierazi du sarekada “zentzugabekeria” dela, “arbitrarioa eta bultzada politiko bati erantzuten dion erabakia”.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak atxilotuei elkartasuna eta haien berehalako askatasuna aldarrikatu ditu. “Altsasuko herriaren kriminalizazio mediatiko eta okupazio etengabea” eta Ospa mugimenduaren kontrako eraso baterako oinarrien eraikuntza propagandistikoa” salatu ditu.
Ernaik, berriz, atxilotuei elkartasuna azaldu eta operazioa salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu gazteak. Ernaitik gaineratu dutenez, “Alde hemendik! leloak gaur berebiziko indarra hartu du. Badakigu bidaliko ditugun eguna geroz eta hurbilago dagoela”. Aguraingo Sallurtegi egoitzako langileek euren lankide baten atxiloketa gaitzetsi eta hari eta sendiari elkartasuna adierazi zieten.
Nafarroako Parlamentuan
Gaur, 16:45ean, Foru Erregimeneko batzordea bilduko da. Bigarren puntuan Uxue Barkos Berruezok lehendakariak eta Ana Ollo Uhaldek Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak izanen dira. UPNko Iñaki Iriartek eta PPko Ana Beltranek eskatuta, Altsasun lastailaren 15eko Guardia Civileko bi agenteen eta euren bikoteen erasoa baloratuko dute. Horrekin batera, “EH Bilduren kondena esplizitu faltak Gobernua Akordioari nola eraginen dion” jakin nahi dute bi parlamentariek.