Hizketan

Presoen askatasuna aldarrikatu dute

Guaixe 2016ko aza. 15a, 20:44

Udalak bihar ezohiko batzarra eginen du eta hura egin bitartean udaletxe parean kontzentratzera deitu dute.

Sei altsasuarren espetxeratzeak atzo baino mobilizazio handiagoa eragin du eta haien askatasuna 2.500 pertsonatik gora eskatu dute gaur egin den manifestazioan. Presoen askatasuna eskatzen zuen pankarta haien senideek eraman dute. Manifestazioaren bukaeran jakinarazi dutenez, atxilotutako guztiak eta euren borondatez deklaratzera deitu zituzten guztiak taldeko identifikazio-saiora deitu dituzte. Hori dela eta, auzipetutako guztiei “elkartasuna eta babesa azaltzeko” goizaldeko 5:00etan Madrilerantz autobusa aterako da.

Manifestazioaren bukaeran herritarrei eskatu zaie: “mobilizatzeko, kalera ateratzeko, gertakari bidegabe hau lagun artean, lantokian… salatzeko. Bidegabekeria kontatu, hor ditugun guztiak, kalera ateratzea lortu behar dugu, bai ala bai”. Aldi berean, “esaten dute gorrotoak mugitzen gaituela. Guk duguna gure lagunekiko maitasun eta elkartasun handia da. Goazen barruan ditugun sentimenduak ateratzera eta, denon artean, goazen lan egitera kalera ateratzeko”.

Deialdi bikoitza
Larunbatean, 12:00etan, Iortia kultur gunea parean prentsaurrekoa eginen da. Prentsaurreko masiboa izatea nahi dute eta, horregatik, hartan parte hartzeko deialdia egin dute. Prentsaurreko horretan azaroaren 27an, larunbatean, 17:00etan eginen den manifestazio isilerako deia eginen da. Honako leloa izanen du: Atxilotuak askatu. Muntaia polizialik ez. Utzi bakean Altsasu.