Senideek Altsasuri esker ona azaldu diote

Guaixe 2016ko aza. 16a, 21:53

Gaurko bilkuran atxilotuen hainbat guraso izan dira.

Senideek adierazpenik ez egitea erabaki dute. Hala ere, udalaren gaurko ezohiko bilkuran eskerrak emateko hartu dute hitza: “mundu guztia eskertu nahi dugu. Esker ona beste hitzik ez dugu. Hau zentzugabekeria da. Gaindituak gaude. Ez dakigu ezer. Norbaitek nahikoa zentzua eta neurritasuna izatea nahi dugu”.

Herriak eman duen “gizalege irudiagatik” eskerrak eman dituzte, “gazteek bereziki, eta herriak orokorrean. Istilu bat bera ere ez da egon. Ezer ez. Hori da nahi duguna, bakean bizi”. Lasaitasunerako eta normaltasunerako deia berretsi dute. Semeak bueltan etortzea nahi dute. “Etorkizuna izan dezaten”. Haiendako “bidezko epaiketa” izatea eskatu dute, “behar bezalakoa, gertaeren mailaren araberakoa”.  

Joan den astean hedabideetan seme-alaben izen-abizenak argitaratzean senideek antolatzea erabaki zuten. Atxiloketak izan ziren egunean bertan udaleko ordezkariekin elkartu ziren eta gerora udaleko bozeramaileen batzordeak onartuko zuen adierazpenaren oinarria izan da.