Aurretik identifikatuak zeunden baina atzo berretsi behar ziren. Nola joan zen?
Identifikatuko zituztela ez nuen inolako zalantzarik izan. Diligentziak berak ez zuen inolako zentzurik, aldez aurretik argazkiekin eta aurretik ezagutzen dituztenak identifikazio saio batean ezagutzea munduko gauzarik errazena da. Kasu gehienetan egindako identifikazioa berretsi zuten, baina nahiko absurdo suertatu zen diligentzia batean.
Boluntarioki aurkeztu ziren bi gazte, aurretik egin bezala. Bata kartzelara, bestea aske. Zergatik?
Aske gelditu denaren kasuan hasieratik ez da garbi egon zehazki zer leporatzen zioten. Hasieran atxilotu zuten, baina hasierako eta ondorengo atestatuan zer leporatzen zioten ez zen batere argi gelditzen. Bi pertsonek identifikatu zuten, baina hori herenegun ez zen berretsi. Adurren kasuan bestelakoa izan zen dena. Parte hartu zuela, horretan tematu ziren, nahiz eta berak hasieratik ukatu zuen. Nahiz eta bere borondatez epaitegira joan hori nahikoa ez dela eta ihes egiteko aukera dagoela eta kartzelaratzea behar-beharrezkoa dela esaten dute. Inongo zentzu juridikorik ez duen erabakia da.
Gainontzeko seien espetxeratzea ere antzekoa, ezta?
Bai. Adurren kasuan argiago geratzen da egoera. Iruñeko epaitegian egon zen bere kabuz deklaratu nahian, eta astelehenean bertan Madrilera jaitsi zen. Herenegun berriro jaitsi zen. Borondatea argi geratu zen. Baina borondate hori bera azaldu zuten guztiek, horregatik joan ziren Iruñeko epaitegira, deklaratzeko, argitzeko eta azaltzeko prest. Denek zuten borondate hori eta hilabete bat pasa bada ere, egunero Espainiako Auzitegi Nazionalaren albisteak eta kazetari batzuen berotze lanak jakinda ere pertsona hauek ez dute alde egin, ezta saiatu, ezta planteatu ere. Eta hala eta guztiz ere epaileak esaten du ihes egiteko arriskua dagoela eta arrisku hori ekiden daiteke bakarrik behin behinean kartzelara sartuz. Inongo lege oinarririk ez duen erabakia da.
Auzipetutako bi adin txikikoen egoera zein da?
Besteen modura identifikatu dituzte. Desberdintasuna da adin txikikoak izanda Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaitegian ikusi behar dute auzia. Ez dakigu oso ongi prozedura horrek nondik nora joko duen. Hala ere, esan nahiko nuke zer arinkeriaz zein modutan erabili diren pertsona hauen datuak, nola barreiatu diren hedabideetan. Hori guztiz debekatuta dago. Adin txikiko pertsonen identifikazioak bereziki babestu behar dira komunikabideetan eta alor guztietan. Hori horrela izanda, kazetariek eta hedabideek hori jakinda, nola barreiatu duten beraien identitatea. Horren inguruan lege aldetik zerbait egiterik dagoen aztertuko dugu.
Horretaz aparte, ikusi beharko dugu beraien prozeduran, irekitzen baldin badute eta ikusten baldin badute pertsona hauen kontra zantzuak daudela, zer eginen duten. Pertsona hauen kontra prozedura bat zabaltzeko arriskua dago, prozedura horretan inputatzea eta egundoko akusazioekin topatzea.
Auzia Madrilera eramateko erabakia helegitea jarri zaio Iruñean, ezta?
Bai. Hasieratik hitz egiten ari gara irregulartasun asko izaten ari direla prozedura honetan. Izan ere, hemen erabaki politikoa hartua dago; lastailaren 15ean hartu zen. Orduan, erabaki politiko hori burura eraman behar da. Horretarako, berdin zaie epaitegiko prozeduratan munduko irregulartasun guztiak egitea. Horietako bat da badagoela auziaren gaineko konpetentziari buruzko erabaki bat Iruñean hartua dago, baina erabaki horri helegitea aurkeztu zaio. Oraindik Nafarroako Lurralde Auzitegian aztertu behar da Espainiako Auzitegi Nazionala edo Iruñekoa eskuduna den. Hori guztia zehazteke dagoen bitartean begira non dagoen prozedura; begira zer aurrerapauso eman diren. Espainiako Auzitegi Nazionala eskuduna balitz bezala ari da, inongo zalantzarik gabe, eta hartzen ditu hartzen dituen erabakiak. Orain Nafarroako Lurralde Auzitegiak ezetz erabaki dezakeenean.
Espetxeratze aginduei ere helegitea aurkeztuko diezue?
Bai, jakina. Egin behar den aurreneko gauza da alegazioak egin eta helegitea jarri, beste epaileek aztertzeko. Pentsatzen dugulako inolako lege-oinarririk eta kausan dauden elementuetan inongo oinarririk ez daukala. Kartzelaratze egoerari buelta ematen saiatuko gara lehenik eta behin. Bigarrena izanen da orain arte egin ezin izan duguna egiten hastea izanen da, alegia, pertsona hauek behar bezala defendatzen eta aurkezten beraiek mahai gainean jartzen dituzten frogak, lekukoak, dokumentuak eta abar. Gauzak ez zirela testatuetan eta erasoa pairatu zutenek esan bezala gertatu. Froga horiek guztiak aurkeztu beharko ditugu prozedura honetan.
Harridura gaitasuna gainditu omen dizu auzi honek.
Bai, hasieratik esan dut. Astelehenean atxiloketekin esnatu ginenean, esaten duzu: uff, pauso hau ematera ausartu dira. Gauzak garatzen joan diren heinean harridura eta Espainiako Auzitegi Nazionalean ikustea ere espero ez nuena ikustea: nola tratatu duten gai hau, nola tratatzen ari diren, nola hartu dituzten espetxeratzeko erabakiak lege logika guztiaren kontra, nola aritzen da epailea neska-mutil hauen bertsioa entzuteko inolako tarterik utzi gabe, ia proba dagoen edo ez, bertsio bati bakarrik balioa ematen, Coviteren argudioak zuzenean ebazpen judizialetara eramaten…
Benetan harritzen eta asaldatzen nauten gauzak dira. Ikusiko ez nituela pentsatzen nuen, batez ere momentu eta politika testuinguruagatik. Oraindik entzun behar izatea Alde hemendik! dinamika guztiak balio duela ETAren estrategia garatzeko eta ETAk diseinatutako estrategia bat dela, gaur egun, oraindik garatu egiten dena ETAren helburuei laguntzeko… Hori guztia gaur egun entzutea guztiz tokiz kanpo eta guztiz anakronikoa da.
Bidezko epaiketa baterako aukera izanen da?
Gauzak doazen moduan, argi eta garbi: ez! Espainiako Auzitegi Nazionalean segitzen badu, zenbait komunikabidek, zenbait politika eta instituzio arduradun segitzen badute egiten ari diren lintxamenduarekin, hemen ez dago aukerarik ez defentsarako ez berme guztiak izan behar dituen prozedura izateko, ez benetan termino justuetan eta zuzenbide terminoetan auzi hau ikusteko. Ez dago.
Espainiako Auzitegi Nazionalean normalean berme horiek benetan hutsaren hurrengoa badira, kasu honetan, dituen osagai politiko-mediatiko guztiengatik, are arrisku handiago dago inongo bermerik burutzeko prozedura hau.