Zazpigarrena kartzelara

Guaixe 2016ko aza. 17a, 18:37

Euren borondatez Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztutako bi gazte altsasuarretako batek, Adur Ramirez de Aldak, kartzelan sartzeko agindua eman zuen epaileak. Soto del Real espetxean eman du gaua. Beste gazteari bi astean behin epaitegitik pasatzeko eta pasaportea kentzeko agindua eman zuen.

Bitartean, Altsasun, udal bilkura hastearekin batera, atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko ordu bateko kontzentrazio isila egin zen udaletxe parean. Mila bat pertsonak parte hartu zuten, eskuetan kartelak zituztela. Haren bukaeran aurreratu zutenez, azaroaren 26ko manifestaziorako atxikimenduak jasoko dituzte heldu den astean. Azkenik, atxiloketek sortutako gastuei aurre egiteko diru bilketa hasiko dute. Horretarako Iortia kultur gunean kutxa bat jarriko dute.

Erreakzioak
Azken hilabetean izan diren gertakarien inguruan Koxka tabernatik jasotako babesagatik eskerrak eman nahi dizkiete altsasuar guztiei, Sakanari eta Euskal Herriari. Aldi berean, Koxka tabernakoek atxilotuen senideei elkartasuna adierazi diete, “gure herria sufritzen ari den polizia eta hedabideen muntaia” salatzearekin batera. Esker ona berretsiz eta “gora Altsasu!” esanez bukatzen da tabernakoen oharra.

Bestalde, Zelandi eskolako langile batzuk, Altsasun azken egunetan emandako egoera dela eta, atxilotuekin, familiekin, lagunekin eta momentu honetan sufritzen ari direnekin, elkartasuna adierazi dute.