Epaileak bederatzi altsasuarrak auzipetu ditu

Guaixe 2016ko aza. 22a, 12:40

Zazpik preso segituko dute eta bi baldintzapean aske daude.

Ferietako liskarragatik auzipetuta dauden bederatzi altsasuarrei Carmen Lamela epaileak "terrorismo, atentatu, gorroto eta lesio" delituak leporatu dizkie. Gainera, bederatziei 6.000na euroko fidantza jarri die, “egotzitakoengatik izan daitezkeen diru ardurak pagatzeko”. Hori jakinarazteko Espainiako Auzitegi Nazionalera eramanen dituzte abenduaren 20an. Auzipetuetako zazpi gazte preso daude eta beste bi aske. Lamelak instrukzioa despedituta prozedura Jose Luis Castro epaileak hartuko du.

Epaileak prozesamendu autoan auzipetu bakoitzaren kontra dauden arrastoak zehaztu ditu. Hori egiteko erasoa jasan zuten bi guardia civilen eta haien bikoteen testigantzan, haiek egindako identifikazioetan, mediku txostenetan eta ikerlariek (Foruzaingoa eta Guardia Civila) egindako txostenetan oinarritzen da.

Bestalde, Lamela epaileak 14an atxilotu eta baldintzapean aske gelditu zen altsasuar bat kargugabetu egin zuen ostiralean. 16an egindako identifikazio saioan guardia civilek eta euren bikotekideek ez zuten hura identifikatu. Bi adin txikiko ere identifikatuta daude eta Lamelak haien auzia adingabekoen epaitegira bideratu du.