Euskal Herriko gazteriari zuzendutako mezua emateko Altsasuko eta Sakanako gazteek agerraldia egin zuten atzo. Ferietako liskarraren ondoren zazpi gazte altsasuar preso, bi baldintzapean aske eta bi adin txikiko auzipetuta. Azken lau horien “etorkizuna ere jokoan dago”. Hala diote agerraldia egin duten gazteek. Haiendako 11 auzipetuak “ez dira zenak bakarrik, gure lagunak, anai-arrebak, klase-kideak, taldekideak, gaztetxeko lagunak, kuadrilakoak... dira, eta gurekin nahi ditugu”.
Gazteek “gure izaera errebeldeagatik jasan behar izan ditugun erasoak, atxiloketak, torturak eta espetxeratzeak” nabarmendu dituzte. “Gazteok izan gara estatuaren makinariaren jo-puntu nagusia. Gazteriaren kriminalizazioa gogor salatzen dugu. Eraso honen aurrean, argi utzi nahi dugu ez gaituztela isilduko eta ez gaituztela geldituko”.
Agerraldian hedabideek “jokatutako paper negargarria, manipulatzailea” azpimarratu dute. Gertakarien “dimentsio handitzea eta giroa lokazteko ahalegin handienetarikoa” haiei egotzi diete. “Aipagarria da komunikabide ezberdinek jokatutako salatari lanak, izen ezberdinak publiko eginez, Altsasuko bizilagun ezberdinak kriminalizatuz, eta herria beraren izena zikinduz”. Espainiako Auzitegi Nazionalak aurretik gazte euskaldunei “beldurra sartu nahian, zigor neurrigabeak jarri” dizkiela salatu eta ziurtatu dutenez, “entzutegi nazional faxista horretan epaiketa egitea ez dugu onartuko”.
Guztiagatik preso dauden zazpiak “lehenbailehen gure artean nahi zaituztegu, maite zaituztegulako eta gurekin behar zaituztegulako”. Aldi berean, gazteek “une latz eta gogor hauetan gure elkartasun beroena eman nahi diegu espetxeratuei baita familia eta lagun guztiei ere. Edozein laguntza eta babes emateko prest gaude”. Azkenik, larunbateko manifestazio isilean parte hartzeko eskaera luzatu diete Euskal Herriko gazte guztiei.