Hizketan

Udalek Altsasuko manifestazio isilarekin bat egin dute

Guaixe 2016ko aza. 24a, 11:59

Zazpi gazteak askatzea eta auzia Nafarroara ekartzea eskatu dute ibarreko 15 udalek.

Ferietako liskarra dela eta, Sakanako 15 alkateek “babesa eta elkartasuna adierazi” diote Altsasuko herriari. “Gure ustez, ederki antolatua da hedabideek egin duten lintxamendua, eta, gainera, ondorio juridiko latzak ditu, erakunde judizial naturalei euren eskumenak kendu nahi izatea, adibidez, zentzurik gabe jende askori kalte handia eginik”. Alkateek adierazi dutenez, “hori guztia gertatu da bere burua demokratikotzat jo arren, inkisidore gisa jokatzen duen sistema politiko batean. Izan ere, presio eta mehatxuak eginez, sektore batek barneko izaera totalitarioa agerian utzi du, bere “kortijoa” arriskuan ikusten duelako”.  

Lastailaren 15eko gertaerei terrorismo delitua egozteak kezka sortu du alkateengan: “horrek ekarri ahal izango luke gure herriko hainbat bizilagunen aurkako inputazioak jartzea, nahiz eta adierazpen-askatasunaren markoaren barruan legezko jarduerak egin dituzten”. Gertakari larriaren ondorioak ere nabarmendu dituzte alkateek. Batetik, “oso irudi desitxuratua eman da Altsasu eta Sakanari buruz, errealitatearekin zerikusirik ez duena”.

Alkateek adierazi dutenez, sumarioa Nafarroatik Madrilera eramatea “defentsarako eskubidearen eta epaile naturalaren printzipioaren aurka doa, eta justizia alorretik kanpoko interesak sartzea errazten du. Gainera, adierazpen askatasunaren eta elkartzeko eskubideen aurka joan daiteke”. Aldi berean, alkateen iritziz “gertakaria terrorismotzat jo izana, neurriz kanpo dago eta ez du zerikusirik gure ibarrean bizi dugun elkarbizitza-egoerarekin. Kalifikazio horrek berarekin dakar sumarioa Audientzia Nazionalera eramatea, eta Altsasuko pertsona askok 20 urte arteko espetxe-zigorrari aurre egin behar izatea”.

Eskaerak
Alkateek gogorarazi dute gazte altsasuarrek euren borondatez epailearen aurrean deklaratzera aurkeztu zirela, horregatik, atxiloketak eta espetxeratzeak salatu dituzte. Aldi berean, kartzelan dauden zazpiak askatzea exijitu dute. Horrekin batera, hedabideendako eta epaitegiendako eskaera luzatu dute: “gertakariak zentzuz, neurriz eta proportzioz tratatzea. Horretarako, ezinbestekoa da gaia Audientzia Nazionalera ez eramatea, eta defentsarako, epaile naturalaren printzipioa, adierazpen-askatasuna, eta biltzeko askatasuna errespetatzea”.

Agerraldia egin duten alkateek “elkartasuna” adierazi diete “zentzugabekeria honek jotako familiei”. Aldi berean, herritarrak “zoriondu” dituzte, “gertakarien aurrean bat eginik, zentzuz eta zuhurtasunez jokatu dutelako”. Azkenik, “herritar guztiak” Altsasu lemapean laruunbatean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte.