Hizketan

Isilik, ozen entzuteko

Guaixe 2016ko aza. 25a, 15:01

Altsasu lelopean manifestazioa eginen da bihar, 13:00etan, suhiltzaileen parketik abiatuta. Altsasuko Udalak, auzipetuen senideek eta herritarrek deitu dut.

Adineko altsasuar askorendako euren aurreneko manifestazioa izanen da biharkoa. Gertatutakoak horrenbeste puzteak mindu egin ditu: “lotsagabekeria hutsa da. Pasatu egin dira”. Haien eta askoren parte-hartzerako manifestazio isila izatea eta leloa, Altsasu, pizgarria izan da. Asko eta askoren altsasuar sena mindua sentitu baita eta erantzuna eman nahi baitute.

Haiekin batera Sakanatik eta Euskal Herri guztitik etorritako jendea izanen da. Bateko eta besteko autobusen berri iritsi da. Manifestazio handia izatea espero da, horregatik, behar bezala kudeatzeko bilerara deitu zituzten altsasuarrak atzo, handik lan talde bat sortzeko asmoa zegoen. Aldi berean, zazpi atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioak egin dira egunero.

Deitzaileen esanak
Javier Ollo alkateak manifestaziora deitzeko prentsaurrekoan Altsasuko Udalak joan den astean onartutako erakunde-adierazpena berretsi zuen. Horretaz aparte, “udal gisa, irmotasun osoz, gure haserrea adierazi nahi dugu hainbat komunikabidek Altsasuren irudiari izugarrizko mina egin diotelako gure herriaren irudi ez erreala plazaratuz”. Ollok nabarmendu duenez, “Altsasu herri langilea da, historia duen herria, kultura duen herria, eta aniztasuna normaltasun osoz eta bizikidetzan bizi duen herria da. Hori da gure herria eta udaletik hori nabarmendu nahi dugu”.

Alkateak, udalaren izenean, altsasuar guztiak manifestazioan parte hartzera animatu dituz. “Ezberdintasunen gainetik, esan behar dugu herri bat garela eta herri gisa aterako garela”.

Senideak
Atxilotutakoen senideek adierazpena argitaratu dute. Lehenik eta behin, gertatutakoa “deitoratu” egin dute, “baina iruditzen zaigu Altsasuko Ferietako goizaldean gertatutakoa tabernako liskar bat izan zela, besterik gabe”. Senideak “babesgabe eta kezkaturik sentitzen gara gure seme-alaben etorkizunagatik, gauzak puztu egin direlako eta neurriz kanpoko kartzela-zigorrak eskatu direlako”.

Senideek ez dituzte atxiloketak ulertzen: “atxilotutakoak behin baino gehiago aurkeztu direnean beren borondatez azalpenak ematera. Era berean, ez ditugu ulertzen badaezpadako neurriak, hain zuzen, neurriz kanpokoak eta erabat zentzugabeak iruditzen zaizkigulako; esate baterako, baldintzarik gabeko espetxeratzea agintzea”.

Haien eta seme-alaben nahia “etxera bueltatzea da, haien eguneroko bizimodua berreskuratzea eta beren etorkizuna eraikitzen jarraitzea. Hau da, gure seme-alabek ihes egiteko asmorik ez dute, denok nahi baitugu etxera buelta daitezen lehenbailehen”. Horregatik, erakundeei (exekutiboari, legegileari eta judizialari) babesa eskatu diete, gertakariak Iruñean epaituak izan daitezen. “Hor hasi zen instrukzioa eta hara bidali zen Foruzaingoaren txostena. Hura da kasua bere gain hartu zuena eta iruditzen zaigu bera dela horretarako eskumena duena”.

Senideek, azkenik, “gure elkartasuna adierazi nahi diegu inoiz gertatu behar ez ziren gertaera haiek ukitutakoei, eta, oro har, Altsasuko herri osoari”. Herriak erakutsitako “babesa eta elkartasuna” eskertu dituzte.

Plataforma
Altsasuk jasotako egurra eta gero herritar talde batek Altsasuarra eta harro plataforma sortu dute. Haien izenean Idoia Goikoetxeak eta Ramon Paniaguak hitza hartu zuten eta “larritzat” jo zuten “beren oinarrizko eskubideak errespetatu ez zaizkien lagunak espetxeratuta egotea. Beren izen-abizenak eta nortasun agiriak komunikabideetan nahita kaleratu dituzte inpunitate osoz”. Hori guztia posible egin duen zigor kodearen erreforma salatu zuten eta erreforma hori Nazio Batuen Erakundeak kritikatu dutela gogorarazi zuten.

Ferietako liskarraren ondoren “bidegabekeria mugagabea sufritzen ari gara”. Harriduraz hartu dute “Altsasu estatu afera” bihurtzea. “Zurrunbiloaren” ondoren “herria lur jota dago. Herri oso bat seinalatu dute, iraindu, kriminalizatu eta oraindik ez dakigu zehazki zein ondorio izan ditzakeen honek guztiak”.

Plataformatik azaldu dutenez, “gure herriaren irudia eta bertan bizi garen pertsona guztion bizitza gogorki kaltetzen ari dira, baina horren gaineko zuzenketarik ez da inon ageri”. Alkateak eta Koxka tabernak jasotako mehatxuak gogorarazi eta auzipetuei ezarritako terrorismo delituaren egozpena salatu ditu plataformak. “Zentzuz erantzutea eskatzen du momentuak. Gure herria batuta erantzuteko erakusten ari den gaitasuna eredugarria da”.


7.000 km baino gehiago:
Atxilotuen familiek haiek bisitatzeko astebururo egin beharreko kilometroak. Gastua eta  arriskua.


Manifestazioaren ibilbidea:
Suhiltzaileen parkea, Gartzia Ximenez, Foruen Enparantza, Galtzada, Larrainbide, Zubeztia, Zelai, Isidoro Melero, San Juan, Idertzagain, Bakea eta Iortiako zabalgunea.