#Altsasu: Milaka pertsonaren babesa jaso dute senitartekoek

Guaixe 2016ko aza. 26a, 16:46

Zenbait medioren arabera, 20.000 pertsona bildu dira gaurko manifestazioan

Jende uholdea bildu da gaur Altsasun, atxilotutakoen senitartekoek, Altsasuko Udalak eta herritarrek #Altsasu lelopean deitutako manifestazioan. Zenbait komunikabidetan 20.000 pertsona bildu direla aipatu dute. Azpimarratzekoa da Altsasurako sarbideak gainezka egon direla eta aparkatzea zaila izan dela.

Ordu batak puntuan hasi da manifestazioa. Lehendabiziko pankarta Altsasuko Udaleko Javier Ollo alkateak, EHBilduko Arantxa Bengoetxea zinegotziak, Ahal Duguko Virginia Alonso zinegotziak eta Alderdi Sozialistako Julia Cid zinegotziak zeramaten, senitartekoekin eta herritarrekin batera. Bigarren pankarta, aldiz, senitartekoek zeramaten. Ibilbide guztia ixilik egin dute manifestariek, txalo zaparradekin tartekatuta.

Manifestazioan jende ezaguna ikusi ahal izan dugu. Tartean zeuden Nafarroako Gobernuko eledun Maria Solana, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez, Sakanako, Burlatako, Uharte Iruñeko, Egues ibarreko, Tafallako, Lizarrako eta Iruñeko alkateak, Geroa Baiko Unai Hualde, Koldo Martinez, Consuelo Satrustegi eta Patxi Leuza, EH Bilduko Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz, Miren Aranoa, Esther Korres, Arantza Izurdiaga, Asun Fernandez de Garaialde, Laura Mintegi eta Sabino Cuadra, Ahal Duguko Laura Perez, Tere Saez, Eduardo Maura eta Juan Carlos Monedero (ibilbidearen erdian sartu zen), Ezkerrako senatari Iñaki Bernal, ezker abertzaleko militante historikoa den Tasio Erkizia, LABeko Igor Arroyo eta ELAko Adolfo Muñoz.

Manifestazioa Iortia Kultur Gune aurrean bukatu da, hasi eta ordu bat geroago. Manifestazio bukaera oraindik Altsasuko Foru plazan zegoen. Bildu den jendetzaren isla ikaragarria. Javier Casteigek eta Amaia San Romanek irakurri dute agiria. Gazteak etxean nahi dituztela adierazi dute, auzia Nafarroako epaitegian instruitzea nahi dutela berretsi dute eta jasotako elkartasuna biziki eskertu dute. Altsasuz eman den irudia salatu dute eta finean justizia egitea, hori nahi dutela nabarmendu dute.