Ferietako liskarraren ondoren izandako atxiloketak, espetxeratzeak, zurrunbilo politiko-mediatikoak altsasuar asko sumindu ditu. Neurriz kanpokotzat jotzen dute liskarraren ondoren identifikatutako gazteekin gertatutako guztia eta bidegabea jotzen dute hedabide batzuek liskarrari eta Altsasuri emandako tratamendua. Horregatik guziagatik, altsasuar sumindu ugarik larunbateko manifestazioarekin bat eginen zutela jakina zen. Baita sakandar eta euskal herritar ugarik bat eginen zutela ere. Atxikimenduak asko eta toki ugarietatik iritsi zirelako mobilizazioaren bezperan.
Herriko dendek eta tabernek manifestazio garairako itxi zuten. Hura garaiz hasi zen, 13:00etan. 2.600 metroko ibilbidea zuten aurretik. Deitzaileen ordezkariek eusten zioten Altsasu zioen pankartari: Javier Ollo alkatea, Arantxa Bengoetxea, Virginia Alonso eta Julia Cid zinegotziak, Alfredo Urkijo, Juan Carlos Calleiras eta Amaia San Roman senideak eta Idoia Goikoetxea Altsasuarra eta harro plataformakoa. Haien atzetik beste pankarta bati eusten zioten auzipetuen senideak, Altsasun nahi ditugu irakur zitekeen.
Manifestazio burua Iortiako zabalgunera 14:05 pasatxo iritsi zen. Orduan oraindik Foru plazara iritsi gabe zeuden azken manifestariak. 20.000 bat pertsona elkartu zituen deialdiak. Bidea isiltasunean egin zen. Txalo zaparradarekin abiatu zen manifestazioa eta horrela bukatu zen. Hitzaldiaren ondoren atxilotuak askatu oihuak entzun ziren.
Irakurketa
Manifestazioaren akaberan Javier Casteigek, institutuko zuzendariak, eta Amaia San Romanek, irakaslea eta atxilotutako baten amak, hitza hartu zuten, lehenak euskaraz, gaztelaniaz bigarrenak. Antolatzaileek manifestazioko Altsasu leloarekin bi gauza aldarrikatu nahi izan zituztela azaldu zuten. Batetik, “gure herriaren izaera nabarmendu nahi dugu. Altsasu herri langilea da, anitza. Kultura desberdinen arteko elkarbizitza normaltasun osoz gauzatu da. Hamaika herritatik etorri diren pertsonak gure herriaren parte dira. Altsasu, bizikidetzaren eta bakearen alde dago. Frogatu izan dugu hori”.
Horrekin batera, Altsasuren “kezka” azaldu zuten. Ferietako liskarraren ondorioz “herriko 11 gazteren etorkizuna kolokan dago. Gauzak ikaragarri puztu dira eta neurriz kanpoko kartzela-zigorrak eskatzen dizkiete, ekintza terrorista leporatzen dietelako”. Auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean dagoela eta babesgabe sentitzen direla nabarmendu zuten. Bi eskaera egin zituzten: zazpi presoak lehenbailehen askatzea eta auzia Nafarroako Instrukzioko 3. Epaitegira bueltatzea, “hura baita hasieran kasua hartu zuena. Ez zen handik inoiz atera behar. Irmo eskatzen dugu”.
Aldi berean, herriaren irudiarekin kezkatuta zeudela esan zuten. “Ez dugu onartzen komunikabide askotan eman den irudia. Ez dugu onartzen gutaz esan diren asko. Altsasu herri alaia da, herri atsegina. Bere tradizioekin harroa. Herri irekia”. Altsasuarren elkartasuna nabarmendu zuten: “ez dugu gure herria inoiz horren batuta eta minduta ikusi; kezkatuta baina elkarlanean; bakoitza bere ideologiatik, baina gazte horien eta herri osoaren alde”. Manifestazioa eta aurretik egin diren gainerako mobilizazio guztiak “baketsuak, gizalegezkoak eta giza eskubideen aldekoak” izan zirela azpimarratu zuten. Guztiari buelta emateko aurretik lan asko gelditzen zela esanez despeditu ziren.
150 pertsona
Manifestazioa behar bezala ateratzeko lan egin zutenak. Trafikoa bideratzen, aparkalekuak bideratzen, komunikazioa, protestari bidea zabaltzen, pegatinak saltzen edota ibilbidean zehar dirua biltzeko jarritako hiru karpetan txistorra pintxoak eta ardoa saltzen egon ziren.
Elkarretaratzea
Joan den astean, egunero-egunero, presoen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazio jendetsuak egin ziren udaletxe parean. Atzoko aurreikusia ez bazegoen ere 150 bat pertsona elkartu ziren.