Hilabete bat preso

Guaixe 2016ko abe. 14a, 10:34

Gaurko kontzentrazioa eginen da.

Ferietako liskarra dela eta azaroaren 14an egin zuen sarekada Guardia Civilak. Ondorioz feriako liskarrarekin 11 gazte altsasuar auzipetuta daude. Haietatik zazpi preso, bost Soto del Realen eta bi Alcala Mecon. Guztiak Madrilen. Ordutik, egunero, 19:00etan, makina bat jende udaletxearen aurrean kontzentratu da egunero. Bilkura jendetsuak izan dira egunero, 150 pertsona inguru bildu dira gutxienez.

Hilabete bete dela eta gaur kontzentrazio berezia eginen da. Ohi bezala, espetxeratuen askatasuna eta auzia Madrildik Iruñera ekartzea eskatuko da. Ordu erdi iraunen du kontzentrazioak eta hura despeditzean kalejiran abiatuko dira. Herrian barna auziarekin lotura duten informazio panelak mustuko dute. Ibilbidea Burunda frontoian despedituko da, 20:00etan. Asmoa hura betetzea da eta argazki "erraldoi" bat egitea, presoei bidali eta babesa azaltzeko.

Epaitegira
Heldu den asteartean Carmen Lamela epaileak auzipetze autoaren berri emanen die auzipetuei. Hori dela eta, egun horretara arte egunero eginen dira kontzentrazioak Altsasun. Baina asteartean auzipetuei elkartasuna azaltzeko kontzentrazioak eginen dira Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Urdiainen, Olatzagutian eta Ziordian.

Entzun Altsasu
Herri asanbladak izen horrekin kontuak zabaldu ditu Twitter eta Facebook sare sozialetan. Haien bidez euren ekimenen berri emanen dute. #AltsasukoakAske hastaga erabiltzeko deia egin dute.