Ferietako liskarraren ondorioz Soto del Realen eta Alcala Mecon preso dauden zazpi altsasuarrek espetxeratzearen kontrako helegitea jarri zuten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salako 4. sekzioak aztertuko du Carmen Lamelak zazpi altsasuarrei jarritako baldintzarik gabeko eta fidantzarik gabeko espetxeratzea.
Bestalde, auzipetuak asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalean agertu beharko dute. Lamela epaileak auzipetze autoaren berri emanen die auzipetuei. Sarekada izan zenetik presoen askatasuna aldarrikatzeko Altsasuko udaletxe parean kontzentrazio jendetsuak egin dira egunero. Kontzentrazio horiek asteartera arte luzatuko dira. Asteartean kontzentrazioa beharrean, Iortia kultur gunetik giza sareak hedatuko dira eta atxilotutakoen etxeetatik pasako dira. Gero hilabetetako 14. egunean eginen dira, sarekada izan zen hilabeteko egunarekin batera.
Bide batez, altsasuarren askatasuna eskatzeko Sakanako hainbat herritan kontzentrazioak deitu dira astearterako: 19:00etan Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaikuko eta Iturmendiko plazetan eta 19:30ean Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiko plazetan.