Ferietako liskarrean guardia civil batekin zegoen emakumeetako baten gurasoek taberna bat dute. Nafarroako PPko parlamentuko bozeramaile Ana Beltranek azaldu duenez, “antza, Espainiako Auzitegi Nazionalean ezker abertzale erradikalekoen partetik jazarpen kanpaina biolentoa pairatzen ari direla kontatu dute, baita negozioan eta autoan kalteak izan dituztela”. Beltranen iritziz horrek frogatzen du “gezurra dela Altsasun bakean bizi eta elkarbizitza izan daitekeenik. Herritarren zati bat beldurtuta bizi da”.
Beltranek Altsasuko Udalari eskatu dio guardia civilaren bikotearen gurasoak babes ditzala. “Egia bada herrian elkarbizitza baketsuan sinisten dutela, mundu guztiak arazorik gabe Altsasun bizitzea sustatu nahi badute, baita, jakina, Guardia Civilaren agenteak eta haien familiak, alkateari eta udalari familia hauek babesteko eskatzen dugu”. Aldi berean, jazarpena eta erasoak egin dituztenen kontrako neurriak hartzeko eskatu du popularrak.