Ospa desmilitariazioaren alde eta errepresioaren kontra azaldu da berriz

Guaixe 2016ko abe. 15a, 19:27

Altsasun azken bi hilabeteetan bizitakoaren ondoren Ospa mugimenduak ohar bidez bere iritzia plazaratu du. Ospako kideek diotenez, “herri osoak sekulako kriminalizazioa bizi du, imajinatuko ez genituzkeen mugak gainditu ditu”. Azaldu dutenez, herria “haien mesederako errepresio-laborategi moduan baliatu dute”. Osparen errepresioaren eta desmilitarizazioaren kontrako aldarrikapenak eta jarduerak “egitura terrorista” baten barruan kokatzeko saioa “gure dinamika kriminalizatzeko” ahalegintzat jo ditu. Eta gogorarazi du euren jarduerak “erabat publikoak, legalak eta, nola ez, erabat legitimoak” izan direla.

Mugimendutik gogorarazi dute, batetik, beti herri erakundeek bermatutako lege baimenak izan dituela. Ospa eguna modukoak udalaren jai batzordetik pasatzen zela gogorarazi du, “honela frogatuz gure helburuekin guztiz ados egonda edo ez, herritar bezala adierazteko dugun eskubidea errespetatzen zutela”. Eta, bestetik, antolatu dituen ekitaldiak “herrira zabalik” izan direla, helburua izanik “bizilagunen indarra batzea, era honetan, ezinbestekoa deritzogun helmuga lortzeko, etorkizun libre bat: alde hemendik! stop errepresioa!”

Gakoa
Sistemaren “makinaria errepresiboaren” aplikazioak “maila guztietan jasaten dugun kontrol soziala justifikatzen” eta “militarizatuta dagoen paisaia normalizatzen” duela gaztigatu du Ospak. Mugimenduaren desmilitarizazio ekitaldien kontra egin eta altsasuarrak eta erakunde-ardura dituztenak Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman izana “termino politiko baten mendeku beharra” dela nabarmendu du. Gaineratuz, desmilitarizazioa “denbora gehiegiz jasaten gabiltzan gatazka politiko honi irtenbidea emateko gakoa” dela.

Ospak salatu du “gu Altsasun elkarbizitzaren kontrako gisa aurkezteko saiakera”. Altsasuar askeak Altsasu askean izateko nahia azaldu dute eta kontrolak, isunak, jarraipenak eta mehatxuak salatu ditu. Etorkizun “aske” baten alde “okupazio militarrik gabeko eta kanpo injerentzia gabeko etorkizuna” lortzeko “borroka Euskal Herriko txoko guztietan piztea nahi genuke”.