Gurasoek zazpi presoen askatzea eskatu dute berriro

Guaixe 2016ko abe. 16a, 08:52
Gurasoek Nafarroako Parlamentuan euren iritzia eman zuten.

Ferietako liskarra gertatu zenetik bi hilabete eta Guardia Civilak sarekada egin zuenetik hilabete pasa denean, auzipetu guztien gurasoek prentsa oharra zabaldu dute. Hartan, lehenik eskatzen dute, “auzibideak irauten duen bitartean, gure semeak espetxetik ateratzeko, ondo dakigulako ez dagoela haiek ihes egiteko inolako arriskurik”. Gogorarazi dute euren kabuz behin baino gehiagotan aurkeztu zirela deklarazioa ematera.

Horrekin batera, auzipetuen gurasoek eskatu dute “kasua epaile naturalera itzultzea, Nafarroako 3. Instrukzio epaitegira, han hasi baitzen instrukzioa Foruzaingoaren txostenaren bidez eta epaile horrek jaso zuen Guardia Zibilak egindako lehen txostena”. Era berean, “gertaerak erabat argitzea eta auzi ekinbideetan proportzionaltasuna” eskatu dute.

Euren seme-alaben oinarrizko eskubideak urratu direla uste dute gurasoek. Bi aipatzen dituzte. Lehena, errugabetasun presuntzioa; “epaituak izan baino lehen epaituak izan dira”. Bigarrena, intimitatearekiko eskubidea, “izen abizenak, argazkiak eta beste datu pertsonal batzuk argitaratu dira”. Hedabideetara izandako autoen eta epaitegiko aitorpenen filtrazioak salatu dituzte.

Kezka
Sarekadaren ondoren hainbat epaile ezagunek kasuaren inguruan esandakoak ere gogora ekarri nahi izan dituzte gurasoek: Baltasar Garzonek “gehiegizko esku hartzea” egon dela esan zuen; J. A. Martin Pallinek “neurriz kanpokotzat eta errealitate sozialetik kanpokotzat” jo zuen eta “Auzi Penalean oinarrizkoa den proportzionaltasun printzipioa urratzen ari da”. Gurasoek diotenez, “bide kritiko honetan sakondu beharra dugu, zentzugabekeria honekin bukatzeko”.

Auzipetutakoen gurasoek “kezka” azaldu dute uste dutelako “gure seme alabak erabiliak izaten ari direla, eta ez dugu horrelakorik ulertzen. Beste antzeko kasu batzuetan, gertatu den tokiaren arabera, tratamendua ez da berdina izan. Ez dugu gure seme alabak martiritzat hartzea nahi, ez heroitzat, gaizkiletzat edo txotxongilotzat, eskubideak eta betebeharrak dituzten pertsonatzat baizik”. Azkenik, jasotako  babes eta elkartasun keinu guztiak “bihotz-bihotzez” eskertu dituzte.