Iortia, flamenco etxea

Guaixe 2016ko abe. 16a, 13:55

Larunbatean, 19:00etan eta 21:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean Gorka Hermosa, Jose Luis Monton, Haize Berriak banda eta Erkudengo Ama abesbatza.

Haize Berriak bandak Zatoz, agur kontzertuarekin Enrike Zelaia omendu zuen. Emanaldi hartan hainbat akordeoilarik parte hartu zuten. Baina konpromisoagatik, atzerrian jotzen zegoen, Zelaia  bideo bidez agurtu zuen musikari bat izan zen: Gorka Hermosa. Ordutik Hermosak eta Haize Berriak bandako kideek harremana eta elkarrekin zerbait egiteko gogoa mantendu dute. Bien arteko lanaren emaitzaz bihar gozatzeko aukera izanen da.

Flamenko Etxea Hermosa akordeoilariak Jose Luis Monton gitarra flamenko jolearekin batera sortutako proiektua da. Lehenak bere lanarekin akordeoiarendako aitortza lortu du. Bigarrena flamenkoa joz hazi da, baina hainbat kolaborazio ere baditu. Bi musikariek, akordeoiarekin eta gitarrarekin, fusio bitxia egiten dute: flamenkoaren eta euskal musikaren fusioa. Sortu duten berezko hizkuntza horretan eurek propio sortutako obrak (buleriak, tangoak, euskal fandangoak eta tangoak) eta besteen obren bertsioak daude, esaterako, Bach-enak.

Musiken mestizaia horretan Hermosak eta Montonek aldamenean izanen dituzte Haize Berriak banda, alde batetik, eta Erkudengo Ama abesbatza bestetik. Flamenko dantzari batek ere parte hartuko du ikuskizunean. Zelaiaren pieza baten moldaketa bitxia eta bestelako sorpresak iragarri dituzte bandatik.

Erlazionatuak