Ferietako liskarraren ondorioz Soto del Realen eta Alcala Mecon preso dauden zazpi altsasuarrek hala segitzeko eskatu dute fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salako 4. sekzioak altsasuarren espetxeratzearen kontrako helegitea atzo aztertzerakoan adierazi zuten hori fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak.
Jose Perals fiskalak gogora ekarri zuen gazte altsasuarrei terrorismo, gorroto eta atentatu delituak egozten zaizkiela. Hamabost urtetik gorako zigorrak ezar daitezkeenez eta auzipetuak gazteak direnez, fiskalak argudiatu du ez daudela “hain errotuta” eta ihes egiteko arriskua handiagoa dela. Frogak suntsitu edota delitua errepikatzeko aukera zegoela ere argudiatu zuen. Ez zuen kontuan hartu auzipetuak euren kabuz epaitegira aurkeztu zirela, haietako bat sarekada izan eta gero.
Defentsako abokatuek horretarako arrazoirik ez dagoela errepikatu zuten: Altsasun errotuta daude eta ikerketa bukatuta frogak deuseztatzeko arriskurik ez dago. Abokatuek ez dute itxaropen handirik. Angela Murillo, Carmen Paloma Gonzalez eta Teresa Palacios epaileek osatzen duten epaimahaiak emanen du ebazpena.
Bitartean, oraindik Iruñeko epaitegiaren inhibizioaren inguruko helegitea ebatzi gabe dago. Nafarroako 3. Instrukzio Epaitegia inhibitu eta EspainiakoAuzitegi Nazionalaren esku utzi zuen auzia azaroaren 11n. Abokatu batek helegitea aurkeztu zuen eta halakorik ezin zela jarri erantzun zuen Iruñeko epaileak. Kontrakoa dio defentsak eta, horregatik, Nafarroako Auzitegi Nagusira jo du.