Ferietako liskarragatik atxilotutako zazpiak gaur 37. eguna egin dute espetxean. Haiekin batera beste lau auzipetu daude, haietako bi adin txikikoak. Gaur espetxetik eta Iruñetik bideo-konferentzia bidez Espainiako Auzitegi Nazionalarekin harremanetan jarriko dituzte, auzibideko tramite bat betetzeko. Carmen Lamela epaileak deklarazioa hartu eta prozesamendu autoarekin ados dauden galdetuko die. Defentsako abokatuek helegitea jarri zuten, eta aurrerago beste auzi saio bat eginen da autoan azaldutako delituen kalifikazioaz eta zantzuez.
Madrilen hori. Altsasun, berriz, 20:00etan dago hitzordua jarria. Herri-asanbladak deituta giza sarea eginen da, hau da, 8 edo 9 giza kate. “Egoera honengatik kolpatuak izan diren gure herritarren etxeetaraino, behin hara iristean gurekin espetxeratuen familiak eta ikertutako gazteak ekarriz Iortia plazara berriz biribilketa alaiean”. Asanbladatik adierazi dutenez, “bakean bizi nahi dugulako, etorkizun duin bat nahi dugulako, errepresiorik gabeko etorkizun bat, hain zuzen ere. Bere seme-alaben eskubideak defendatzen dituen herri duin bat dago hemen, justizia exijitzen duen herri bat!” 11 auzipetuak aske eta etxean nahi dituztela aldarrikatuko dute altsasuarrek atzera ere.
Asanbladako kideek gaurko ekimena aurkezterakoan adierazi zutenez, “gure 11 lagunen defentsa eskubidea eta errugabetasun printzipioa sistematikoki urratua izan da. Eta honen guztiaren ondorio gisa, Altsasu guztiaren irudia nahita zikindu eta kolpatua izan da”. Gaztigatu zutenez, “hau ez da Altsasuren kontua soilik, Euskal Herri osoan eragina duen zerbait dugu gure aurrean. Altsasun gertatu dena, Euskal Herriko edozein beste lekutan eman ahal zitekeen zerbait izan da”. Horregatik, gaineratu zuten “errepresio-kolpe honek jaso behar duen erantzuna kolektiboa eta zabala izan behar dela uste dugu, hau da, Euskal Herri osoan oihartzuna izan behar duela”. Jakinarazi zutenez, nazio eta nazioarteko hainbat mobilizazio izan dira gaur. Bide batez, “Altsasutik eskertu nahiko genuke jasotzen ari garen elkartasuna”.
Sakanan kontzentrazioak
19:00etan Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaikuko eta Iturmendiko plazetan eta 19:30ean Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiko plazetan.
Mobilizazioen segida
Atxiloketak izan zirenez geroztik, 37 egunez, egunero-egunero kontzentrazioak izan dira Altsasuko udaletxe parean. Gaurko giza sarearekin eguneroko mobilizazioak despedituko dituzte eta ostiralero izatera pasako dira, 19:00etan. Zazpien etxeratzea eskatzeko hilabete bakoitzaren 14. egunean eginen dira ere.