Erantzun “irmo eta sendoa” berriz ere

Guaixe 2016ko abe. 21a, 09:13

Lekukoa eskuz esku ibili zen, auzipetuen etxeetara iritsi arte.

Giza-sarearen bitartez, “gure jarrera kaleratu eta ozen eta garbi esan nahi dugu burugabekeri, astakeri juridiko-mediatiko eta poliziala eteteko”.

Ehunka altsasuar eta sakandar atera ziren kalera atzo. Guztiek ere auzipetutako 11 gazteekin egindako “injustizia” salatzea zuten helburu. Ibarreko, Euskal Herriko eta atzerriko hainbat kontzentrazioren ondoren, 20:00etan, giza-sare jendetsua eratu zen Altsasun barna. Auzipetuen etxeetaraino giza kate banak frontoian ateratako argazkiaren kopia bana eta Altsasuko herriak sinatutako bertso bat eraman zuten.

Horrela adierazi zieten elkartasuna. “Gaur elkarri eskuak eman diogu eta metroak okupatu ditugu kalean, herritarrak herria okupatzen, bere jabe egiten, horrela behar baitu beti ere”. Horrela adierazi nahi izan zuten: “ez zaudete bakarrik, hemen gaituzue”. Halaxe adierazi zuen herri asanbladako eledunak. Lekukoa eman eta gero kalejiran kultur gune parera bueltatu ziren guztiak.

Asanbladakoek aitortu zuten “sentimendu gazi-gozoak” zituztela, zazpietatik lau aske eta hiru preso gelditu zirelako. Borrokatzearen “balio handia” aldarrikatu zuten, “gaur eta hemen, garaipenak lortzerik badagoela ikusi da. Bai, ez da erabateko errealitate gozoa”. Gaineratu zuenez, “gu borrokan jarri baituen arrazoi bakarra injustizia da, berdin da 11 izan edo bat izan”. Gaineratu zutenez, “muntaiarekin” bukatu arte ez dira geldituko.

Hurrengo deialdiak
Abenduaren 27an, asteartean, 18:00etan gure Etxea eraikinean batzarra, ekintzen egitaraua zehazteko.
Abenduaren 28an, asteazkenean, Adurren urtebetetzean, hainbat ekitaldi.
Abenduaren 30ean, ostiralean, Euskal selekzioaren partidan material salmenta postua jarriko dute.
Abenduaren 31n, larunbatean, San Silbestre lasterketan material salmenta postua jarriko dute.
Ilbeltzaren 21ean, larunbatean, elkarteetan herri bazkariak.

Materiala
Altsasuko argazkilariek egindako argazkiekin egutegia atera da. Gainera, San Silbestre egunerako kamixetak kalean izanen direla aurreikusi da.