Ferietako liskarragatik auzipetuen gurasoen eta herri-asanbladako ordezkaritza Madrilen izan zen atzo. Auziak sortzen dien kezka azaldu zieten Espainiako Kongresuko hainbat taldeetako ordezkariei. Bi bilera izan ziren; bat, En Marea, Compromis eta PDECateko ordezkariekin eta, bestea EAJko Aitor Esteban, EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute, Podemoseko Pablo Iglesias, Eduardo Santos, Ione Belarra eta Nagua Albarekin, ERCko Gabriel Rufianekin.
Auzipetu guztiak askatzeko eskatzeaz aparte, politikariek txosten bana jaso zuten. Hartan lastailaren 15etik gertatutako guztien kronologia, auzia “terrorismo delitu” gisa kalifikatzearen kontrako argudio juridikoak eta bi hilabetetan jasotako babes mezuen bildumak daude. Azken horien artean Altsasuko Udaleko eta Nafarroako Parlamentuaren bozeramaile batzordeen adierazpenak daude. Herriaren izenari egindako kaltea arintzeko ere eskatu zuten. Altsasutik joandakoek politikariak haiekin bildu izana eskertu zuten.
Bestalde, Espainiako Kongresuan bertan, Barne lantaldeak ferietako liskarraren inguruan lastailaren 18an onartutako erakunde-adierazpena bertan behera gelditu zen atzo. Aho batez bozkatu behar dira halakoak eta orduko hartan ez zen halakorik izan: PPk, PSOEk, Ciudadanosek eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk eta ERCk kontra.