ESKERRIK ASKO, #ALTSASU

Guaixe 2016ko abe. 29a, 13:06

Ez dakigu nola azaldu Altsasuko ferietako iskanbilarengatik auziperatu dituzten 11 lagunen familiak bizi dugun egoera, baina hitz egin nahi dugu herri honek ongi argi adierazi dizkigun emozioez.

Hasiera-hasieratik babestuak sentitu gara, maitatuak, zainduak. Mila-mila esker, Altsasu. Zuen txera adierazteagatik; inoiz ez bezala —eta, batzuek, gainera, lehendabiziko aldiz— zuen haserrea eta elkartasuna adierazteko kalera ateratzeagatik; preso dauden gure semeengatik arduratu eta interesa agertzeagatik; etengabe animatzeagatik; kalean geratzeagatik, osasun zentroan, poteoan, azokan. Ideologia ezberdineko gizon eta emakumeek bizitzen ari garen ankerkeria honen aurrean ulertzen gaituzuela  eta gurekin zaudetela esan diguzue.  

Ez  dakigu nola eskertu herritarrengandik jasotzen ari garen energia. Horrek indarra ematen digu gure seme-alabak askatzeko ahaleginean jarraitzeko eta auzia dagokion auzitegian epaitua izan dadin  lortzeko —ez baitzen inoiz auzitegi horretatik atera behar—.

Altsasuko Udalari bere laguntza zintzoki eskertu nahi diogu, eta bereziki aipatu nahi ditugu PSNko bi zinegotziak, bere alderdiaren jarreraren gainetik, herri honen sentipenarekin bat egin dutelako.  Eskerrak eman nahi dizkiogu ere Nafarroako Legebiltzarrari —eta oro har Nafarroako jendarteari— talde parlamentarioak informatzeko aukera emateagatik gure hurbilekoen egoera azaldu ahal izateko.

Eskerrak eman nahi dizkiogu ere Altsasuko apaizei eta Iruñeko artzapezpikuari harrera egin eta entzuteagatik. Norbaitek entzun egiten duenean, errazagoa da ulertzea eta modu egokian jokatzea.

Ezin dugu ahaztu gure esker ona adieraztea baldintzarik gabe bere laguntza ematen ari zaigun psikologoari. Egoera bidegabe hau arrastoa uzten ari da bai familiengan eta bai gazteengan eta bera hor dugula jakiteak lasaitasuna ematen digu.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Sakanako herritarrei, Nafarroakoei, Euskal Herrikoei, Vallecasekoei, Kataluniakoei eta Espainiako Estatuko hainbat herriri. Bakoitzak, bere erara, adierazi digu gurekin dagoela. Gogoan ditugu ere bai India, London , Praga edo Japoniarik injustizien kontra protesta egin dutenei.

Eta, zer esanik ez, Altsasuko gaztediari. Inurrien gisan, bere denborako ordu pila bat erabiltzen ari dira gai honetan, jakin badakitelako edozein izan zitekeela auziperatua. Jakin badakite nahita eraikitako kontakizun faltsua ezin dela zigorrik gabe geratu. Jakin badakite antolatuta zentzugabekeriari aurre egin diezaiokegula.

Eskerrak eman nahi dizkiogu jende askori, ezagun zein ezezagunak. Oraindik behar zaituztegu auzi honetara arrazoia, justizia eta oreka itzul daitezen. Bitartean, jarraituko dugu munduari erakusten injustizi handi bat bizitzen ari garela.

ESKERRIK ASKO, GUZTIEI, BIHOTZ BIHOTZEZ

#AltsasuGurasoak taldearen izenean:
Isabel Pozueta Fernandez
Elena Garisoain Ibañez
Jacinto Bengoetxea Perez de Villareal
Antxon Ramirez de Alda Fernandez
Juan Miguel Urdangarin Zabaleta
Mari Carmen Cano Gonzalez
Igone Goikoetxea Gomez
Koldo Arnanz Zufiaurre
Maite Ciordia
Angel Urrizola Ariz
Nekane Ortigosa Mujika
Miren Olea Armendariz
Javier Abad Ventura
Amaia Amilibia Salgado