Madrilgo Altsasuren aldeko plataformak deituta Utzi Altsasu bakean, muntaiez aski da lelopean kontzentrazioa egin zen atzo eguerdian. Hainbat jendek parte hartu zuten kontzentrazioan, haien artean auzipetuta eta preso dauden hiru gazteen senideak. Altsasuko ferietako liskarra plataformako kideendako “bere burua demokratiko eta zuzenbidezko izendatzen duen Estatu honek ohituta gauzkan muntaia politiko, juridiko eta mediatikoaren beste atal bat da”. Estatuak “gizartearen edozein erantzun isiltzearekin batera bere agenteendako zigorgabetasun handiena mantendu nahi du”.
Kontzentrazioaren deitzaile madrildarrendako “surrealista” da gertakariak terrorismo akusaziopean epaitzea. Altsasuarrei “etsaiaren zigor kodea” ezarri zaiela salatu dute. Eskatu zaien bakoitzean epaitegian aurkeztu direnak espetxean mantentzea “epaileak Estatuaren menpe jartzearen” adierazletzat jo zuten. Nafarroan Guardia Civilak alde egiteko eskaera bizirik dagoela ere gogorarazi dute. Plataformakoek “zoritxarrez, Alfon, Nahuel eta beste kasu batzuengatik, nahikoa badakigu polizia-muntaiez. Argi uzten dute abusua eta errepresioa Estatuko lurralde guztietan jotzen du, gazte errebeldeekin bereziki anker jokatuz”.
Atxilotutakoen gurasoak poliziak ondoan dituztela.